Udal Gobernuak hilaren 26ko bilkuran onartu zuen "udalerriko zirkulazioa arautzeko eta bide segurtasuna hobetzeko berrikuntza garrantzitsuekin" eguneratutako trafiko ordenantza berria. Proposamenak alderdi jeltzalearen eta Orain Debaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin egin zuen aurrera.
Azaldu dutenez, araudi berriaren helburu nagusia herritarren bizi-kalitatea hobetzea da, mugikortasun seguruagoa eta antolatuagoa sustatuz, bereziki udalerriko erdigunean. Horiek horrela, Lersundi kalea, Foruen plaza, Plaza Zaharra, Sokagin, Ostolaza, Ifar kalea, Itur kalea, Portu, San Roke, Astillero –Osio eta San Josepe artean– eta Gurutze kalea oinezkoentzako gune izendatu dituzte, eta eremu horietan debekatu egingo dute ibilgailuen zirkulazioa, baimendutako kasuetan izan ezik. Dena dela, astelehenetik larunbatera, lanegunetan, 08:00etatik 12:00etara edonor sar daiteke gune horietara, 30 minutuko tartean.
Lersundi eta Ifar kaleetan ibilgailuen matrikulak irakurtzeko kamerak jarriko dituzte
Oinezkoen guneetarako sarbideetan informazio-kartelak jarriko dituzte, zirkulazioa debekatuta dagoela adierazteko. Halaber, Lersundi eta Ifar kaleetan matrikulak irakurtzeko kamerak jarriko dituzte, bertara sartzen edo handik irteten diren ibilgailuak kontrolatzeko.
Salbuespenak egongo dira baimendutako ibilgailuentzat; hau da, anbulantzientzat, polizientzat eta gune haietan garajea dutenentzat, baita ibilgailua lan-tresna gisa erabiltzen dutenentzat ere; haiek mugarik gabe sartu ahal izango dira, baldintza batzuk beteta. Gunean garajea edo negozioa dutenek baimen berezia eskatu beharko dute udaletxeko Arreta Zerbitzuan.
Astillero kaleari dagokionez, mantendu egingo dira ordenantza berria baino lehen emandako baimen bereziak. Eta ostalarien eta merkatarien kasuan, kanpaina berezia egingo du Udaltzaingoak, oinezkoen guneetan dauden saltokietara zuzenean bertaratuz.
Baimen bereziak eskatzeko epea martxoaren 31n amaituko da. Zehaztu dutenez, geroago jasotako eskaeren arabera kudeatuko dira baimenak.
Isunak, maiatzetik aurrera
Baimendutako 30 minutuko egonaldia gainditzen dutenei isuna jarriko diete, baina bi hilabeteko egokitzapen-epea egongo da, herritarrak araudi berrira egoki daitezen. Epe horretan, gidariei arau berriez ohartaraziko diete, baina isunik jaso gabe. Maiatzaren 1etik aurrera izango dute isuna arau-hausteek.