Marta Macho Stadler (Bilbo, 1962) matematikariak Hitz egin dezagun... Zientzia, gizartea, eta berdintasunaz izeneko solasaldia egingo du bihar (martxoak 5), 10:00etan, Debako Kultur Elkartean. Macho doktorea da matematikan eta Geometria eta Topologia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kultura Zientifikoko Katedrako Mujeres con Ciencia espazio digitalean editore ere bada, eta lan horregatik sari batzuk jaso ditu; besteak beste, 2016ko Berdintasuneko Emakunde Saria jaso zuen.
Arbil Elkarte Sozialak antolatu du solasaldia eta, azaldu dutenez, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira prestatu dute hitzordua. "Denoi hurbil geratzen zaigun elkarrizketa batera gonbidatzen zaituztegu: Zer paper jokatu du emakumeak zientzian? Zenbat aurreratu dugu? Eta zenbat bide geratzen da oraindik egiteko?".
Gaineratu dutenez, hizlariak ondo ezagutzen du gaia: "Bere historia duen ahots bat da Marta Macho; zuzenean bizi izan zuen zer esan nahi duen emakumea izateak zientzien munduan. Eta emakumearen aurrerapenak, izandako aldaketak eta oztopoak azalduko dizkigu".
Hitzaldiaren ondoren, hamaiketakoa eskainiko diete bertaratutakoei.