1920

Alfonso Reyes Ochoaren itsasontzi mamua

Alex Turrillas Aranzeta 2026ko martxoaren 6a

Ez dakigu nor den azpiko argazki horren egilea, baina jakin badakigu 1920. urteko irudia dela. Bertan, Debako itsasadarrean, Artzabal auzoan, hondoratutako lurrunontzi txiki bat ikus dezakegu. Neskatila batzuk daude ontzi txikiaren gainean, eta, haien atzean, ezkerraldean, Compañia Asturiana de Carbones enpresaren biltegietako bat ikus daiteke; han deskargatzen zituzten, hain zuzen, Gijondik (Asturias) Debara ikatza ekartzen zuten ontziak.

Askoren memorian ez ezik, literaturan ere arrastoa utzi zuen argazkiko itsasontziak. Horren erakusgarri da, adibidez, Debako ohiko udatiarra izan zen Alfonso Reyes Ochoa (1889-1959) idazle, pentsalari eta diplomatiko mexikarrak Deba la del facil recuerdo izenburuko testu ederrean egin zion aipamena. Jorge Luis Borgesen iritziz, "sekula izan den gaztelaniazko prosagilerik onena" zen Reyes.

Testu hark honela zioen, gaztelaniatik euskarara ekarrita: Itsasadarraren erdian, adibidez, itsasontzi hondatu bat dago, zurezko eta burdina zaharrezko oztopoa; gauez bakarrik, guardiaren baten lanparatxo lotsati batek adierazten du bizirik dagoela. Bada, ez iezadazue handik kendu traba hori, mamu hori, hilotz hori. Ibaiertzeko baserrietako askari onetara bidean nabigatzen goazela, aurrean agertzen zaigu, atsekabetua eta serio. Berari eginak gaude gu eta, hortik kentzen dutenean, hutsune bat utziko du espazioan, eremu hil bat koadroan.