Ekitaldi-sorta antolatu dute, Martxoaren 8a aldarrikapen eta ospakizun eguna izan dadin

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 6a

Debako Udalak, Itaiak eta Sare Feministak mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.

Igandea da Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta, horren harira, ekitaldi ugari iragarri dituzte Udalak, Debabarreneko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak eta Debako Sare Feministak, bereizita, datozen egunotarako.

Gaur, martxoak 6, hasiko dira Udalak antolatutako jarduerak, Gaua filmaren emanaldiarekin, Kultur Elkartean, 19:00etan. Eta iganderako elkarretaratzera deitu dute, Foruen plazan, 12:00etan; bertan genero berdintasunaren aldeko adierazpen instituzionala irakurriko dutela aurreratu dute. Martxoaren 28an, berriz, 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako Ihes Gela jarduera ludiko eta hezitzailea egingo dute Aldats pilotalekuan. Herritar guztiak ekimenetan parte hartzera eta gizarte berdinzaleago baten eraikuntzan ekarpena egitera gonbidatu ditu Udalak.

Bihar, Itaiaren kafe tertulia

Itaiak, bestalde, abian du Debabarrenean Emakume langileok askatzeko. Batu borrokara! goiburupean ondutako egitaraua. Besteak beste, bihar, martxoak 7, kafe-tertulia egingo du Ispiluen gelan, 11:00etan, eta igandean Ermuan mobilizatzera deitu du, 12:30ean, Martxoaren 8a plazan.

'Zapalkuntza-sistemei sua'

Debako Sare Feministak, berriz, egun osoko egitaraua aurkeztu du iganderako. Plaza Zaharrean jarri dute lehen hitzordua, 11:00etarako, materiala prestatzeko eta "beroketa kolektiboa" egiteko, eta 13:00etan egingo du ekitaldi nagusia, Foruen plazan, Zapalkuntza-sistemei sua. Beste mundu bat feminismotik leloa ardatz hartuta. Jarraian, Zea Maysen Elektrizitatea abestiaren kantaldi herrikoia izango da Plaza Zaharrean, Iturrian Koruaren eskutik.

Segidan, poteo musikatu feministak girotuko ditu kaleak, eta, ondoren, bazkari kolektibo autogestionatua egingo dute Foruen plazan. Eguna biribiltzeko, bazkalondoan jolasak eta Arramazka musika taldearen kontzertua izango dira aukeran.