Etzi (martxoak 7) Plaza Zaharrera bertaratzen direnek tokiko ekoizleen produktuak erosteko aukera izango dute, musikaz girotuta. Oraingoan bost ekoizlek hartuko dute parte: Kortaberri barazki-ekoizlea, Zortziko eztigilea, Mañeko gozogilea, Marieta Tea eta Castellonetik etorriko den Toni el Riquet laranja-ekoizlea. Debako Udaleko iturrien arabera, ekimenaren helburua da tokiko produktuen salmenta sustatzea eta ekoizleen lana balioan jartzea, bai debarren artean eta bai bisitarien artean.
Merkatu Txikiaren baitan, gainera, Azokatik Mahaira deritzon nutrizio eta sukaldaritza tailerra ere izango da. Gipuzkoako Azoken Sareak Debako Udalaren elkarlanean antolatutako saioa 11:00etan hasiko da. Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute jarduera, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Azaldu dutenez, Otegi Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko sortutako Elikaenea proiektuko kidea eta sukaldaria da. Aizpuru, berriz, Azpeitiko Eliku zentroko arduraduna da.
Tailerraren helburua hirukoitza da: azoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea. Otegik eta Aizpuruk parte-hartzaileei bertako osagaiak erabilita errezeta errazak prestatzen erakutsiko dizkiete. Halaber, elikadura osasuntsuari eta eguneroko sukaldaritzari buruzko aholku praktikoak ere emango dituzte. "Hala, tailerrean zuzenean ikasi halako da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxea modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen", adierazi dute.
Tailerra herritar guztiei irekia izango da, eta parte hartzeko nahikoa izango da azokara hurbiltzea. Amaieran, prestaturiko platera dastatzeko aukera izango da, eta saioan erabilitako errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira.