Sinadura bilketa abiatuko dute, Debako Eguneko Zentroa egunero irekitzeko eskatzeko

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 6a

Ekimena babestu duten senideetako batzuk, Eguneko Zentroaren aurrean.

Debako Eguneko Zentroko erabiltzaileen senideek sinadura bilketa abiatuko dute bihar (martxoak 7) zerbitzua asteburu eta jaiegunetan ere ireki dezaten eskatzeko. 

Gaur-gaurkoz, hamasei erabiltzaileren senidek egin dute bat ekimenarekin –zentroak hogei pertsona artatzen ditu guztira–, eta herritarren babesa lortu nahi dute, gaur egun astelehenetik ostiralera soilik ematen duten arreta "egunero" eskaini dezaten, jaiegunak barne.

Sustatzaileen esanetan, 2024an eta 2025ean, asteburuez gain, zenbait zubitan ere itxita egon zen zentroa; ondorioz, kasu batzuetan, bost egun jarraian etxean geratu behar izan dute haien senideek. Gainera, urteko egutegiaren berri aldez aurretik jasotzen ez dutela ohartarazi dute. "Ez dakigu zein den hemen erabiltzen duten egutegia; beraz, azken unera arte ez dugu jakiten zubia egingo duten edo ez".

Eskaera mahai gainean jarri zutenetik urtebete igaro dela gogorarazi dute, eta Udalari "erantzun argia" eskatzen diote. 

Horrek mendekotasuna duten pertsonen zaintzan eta familien egunerokoan eragin zuzena duela salatu dute, eta zaintza-lanetan gainkarga areagotzen duela. "Guztia azken orduan antolatzeak hieroglifiko bat asmatzeak besteko lana ematen digu. Zenbait kasutan, lana eta senidearen zaintza uztartzeko arazo larriak izan ditugu", nabarmendu dute.

Ahoz egindako "promesak"

Eskaera mahai gainean jarri zutenetik urtebete igaro dela gogorarazi dute, eta Udalari "erantzun argia" eskatzen diote. 

2024ko azaroan idatzi bat aurkeztu zuten tokiko erakundean, udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei zuzenduta, zentroa astelehenetik igandera –jaiegunak barne– irekitzeko eskatzeko. Sinatzaileen arabera, hilabete batzuk lehenago egindako eskaerak aurrera egingo zuela zirudien 2025aren hasieran. "Bazirudien gure eskaera ondo bideratuta zegoela; are gehiago, esan ziguten Aste Santurako egina egongo zela", zehaztu dute. Ondoren, ordea, epeak atzeratzen joan zirela diote: "Aurrerago, epea ekainerako aldatu zen, eta, pixka bat aurrerago, uda ondoren. Promes guztiak beti ahoz eginak izan ziren. Baina, azkenean, espero zena iritsi zen: 2026an ez da irekiko, erantzuna".

Erantzuna idatziz jasotzea eskatu ondoren, 2025eko abenduan alkatearen mezu elektroniko bat jaso zutela zehaztu dute. "Bertan adierazten zenez, Aldundiak, lehenik, eta Udalak, ondoren, ezin zuten proiektu hura diruz lagundu. Gainera, ez digute jakinarazi zer aurreikuspen dituzten 2027rako".

Garrantzi handiagoa

Sinadura bilketa sustatu dutenen iritziz, gaiari orain arte eman diotena baino garrantzi handiagoa eman behar zaio; horregatik erabaki dute ekimena bera ere abiaraztea. "Gure biztanleriaren adina gero eta handiagoa da; nagusiagoak gara, eta nork daki guk ere zer beharko dugun etorkizunean". 

Kanpainan jasoko dituzten atxikimendu guztiak Udalean aurkeztuko dituzte, eskaera indartzeko

Azpimarratu dutenez, Eguneko Zentroa "ezinbesteko tresna" da mendekotasuna duten pertsonek beren ingurunean jarrai dezaten, "eta are gehiago Deban, egoitzarik ez dago eta".

Era berean, zaintzaileek bizi duten egoera kontuan izatea eskatu dute. "Erraza da esatea zaintzailea zaindu behar da, baina gero badirudi zaila dela betetzea", diote. Zentroa asteburuetan irekitzeak senideei bizi-kalitatea hobetuko liekeela uste dute, baita "arnasa eta lasaitasuna" eman ere, "senideak behar bezala artatuta daudela jakinda". Herritarrei atxikimendua eskatu diete, aldarrikatzen dutena herri osoaren mesederako izango delakoan: "Ez dugu luxurik eskatzen, eskubide bat baizik".

Horregatik guztiagatik, herritarrei sinadura bilketan parte hartzeko dei egin diete, Debako Eguneko Zentroa asteburu eta jaiegunetan ere ireki dezaten, inguruko beste udalerri batzuetan egiten den moduan –Elgetan, Zestoan, Elgoibarren eta Zumaian, esaterako–.

Helburua: babes zabala

Asteburuan ekingo diote sinadurak biltzeari. Udaletxe azpiko arkupeetan jarriko dituzte mahaiak bihar eta etzi, hilak 7 eta 8, 11:00etatik 13:00etara. Hurrengo asteburuan ere leku eta ordutegi berean arituko direla iragarri dute –hilak 14 eta 15–.

Hasierako xedea 500 eta 1.000 sinadura artean biltzea da: "Ez dakigu honek guztiak zer eragin izango duen, baina zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Gaiak duen garrantzia ikusita, kopuru hori lortzea posible dela uste dugu". Bildutako atxikimendu guztiak Udalean aurkeztuko dituzte, eskaera indartzeko.