Martxoaren 8a (2026)

Deban ere feminismoa ardatz duen mundua aldarrikatu dute

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 9a

Debako Udalak eta Sare Feministak mobilizatzera deitu zituzten atzo herritarrak, eta ehunka lagunek egin zuten bat deialdiekin. Foruen Plazan eta Plaza Zaharrean egin ziren eguerdiko aldarrikapen ekitaldi nagusiak.

Deban ere kalera irten ziren herritarrak atzo, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Aldarrikapen eta ospakizun ekitaldiak iragarriak zituzten Debako Udalak eta Sare Feministak, bereizita, eta irudi jendetsuak laga zituzten mobilizazioek.

Eguraldia lagun, eguerdian Udalak deitutako elkarretaratzea egin zen Foruen Plazan. 13:00etan, berriz, aurrez "beroketa kolektiboa" egin ondoren, Sare Feministak ekitaldia egin zuen plaza berean, Zapalkuntza sistemei sua. Beste mundu bat feminismotik leloa ardatz hartuta. Jarraian, Zea Maysen Elektrizitatea abestiaren kantaldi herrikoia izan zen Plaza Zaharrean, Iturrian taldearen eskutik, eta bigarren abesti bat ere eskaini zuten bertaratukoen gozamenerako. Eta, beranduago, poteo musikatuarekin, bazkari kolektibo autogestionatuarekin eta Arramazka musika taldearen kontzertuarekin borobildu zuten eguna.