Debako Musika Bandak bazkideak omenduko ditu martxoaren 21ean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 18a

Urtero bezala, Debako Musika Bandak bazkideen omenezko kontzertua egingo du aurten ere. Martxoaren 21ean izango da, larunbatez, Santa Maria elizako klaustroan, 13:00etan. Emanaldiaren ondoren ez dute ez bazkaririk ez dantzaldirik egingo.

Musikariek azaldu dutenez, bazkideei eskerrak emateko baliatuko dute urteroko emanaldia: "Egun, 300 bat bazkide ditugu, eta herritar horien babesa eskertu nahi dugu, beste behin ere".

Bide batez, gogorarazi dute bazkide egiteko aukera zabalik izaten dela urte osoan. Kontzertuetan egin daiteke bazkidetza, baita Interneten ere, sare sozialen bitartez. Helduen urteko kuota 12 euroan eskaintzen dute, 12 urtetik beherakoena 6 euroan, eta familiarra –hiru kide baino gehiagorena– 30 euroan; askotariko opariak zozkatzen dituzte bazkideen artean.