Aurrera jarraitzen du Debako Udalak Ispilu(h)ari izenburupean abiatutako kultur programak eta asteburu honetarako proposamen bikoitza dakar Agirre jauregiko Ispiluen gelara. Gazteei eta helduei zuzendutako antzezlana da bata, poesia, umorea eta performancea uztartzen dituena, eta 12 urtetik beherakoei zuzendutako pailazo ikuskizuna bestea. Biak ala biak Korrika Kulturalaren baitan egingo dira, doan.
"Bi aktorek laguntasunaren ospakizun kritiko bat sortuko dute, publikoa eskutik hartuta". Hortxe Infinitudrama konpainiak bihar (martxoak 14) 18:00etan taularatuko duen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lanaren abiapuntua. "Euforiaren aparretan agertuko dira adiskidetasun erromantikoa eta taldearen apologia. Zaratak utzitako tarteetan, berriz, kontraesanak, galderak eta galerak", aurreratu du taldeak. 2024ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza deialdian epaimahaiaren lehen saria eskuratu zuen antzezlanak.
Etzi (martxoak 15), berriz, Hautsak harrotzen ikuskizuna izango da 17:30ean. Jolasa, umorea, algarak eta zirkua; guztiak uztartuko ditu Ekain pailazoak, bere abilezien bitartez publikoa liluratzeko asmotan.
Aurrez, bertso afaria eta ipuinak
Bi ikuskizun horiez gain, Korrika Kulturalaren baitan beste bi hitzordu izango dira aukeran egunotan. Batetik, bertso afaria izango da gaur (martxoak 13) gauean Arrano Elkartean (21:30ean), Nerea Ibarzabal eta Aner Peritz bertsolari ezagunekin; sarrerak Burugorrin, Ieraenean eta Zalburdin daude salgai, 30 euroan. Bestetik, Debako Kontalariek ipuin-kontaketa saio berezia iragarri dute bihar (martxoak 14) goizerako; 12:00etan, Kultur Elkarteko plazan.
Joan zen asteburuan abiatutako egitarauaren jarraipena baino ez da izango. Arropa salmenta, Kalean Kantuzen eta Aitzuriren emanaldiak, Iruleak taldeak antolatutako pala txapelketa mistoa, Amaikak Batek ateratako talde argazkiak, Errigoraren produktu dastaketa... Agenda betea izan zen Deban eta Itziarren.