Debako sorospen zerbitzuaren lizitazio prozesua abiarazi du Foru Aldundiak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 16a

Apirilaren 1ean amaituko da eskaintzak lehiaketara aurkezteko epea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Santiago eta Lapari hondartzetan zaintza, salbamendu eta sorospen zerbitzua kontratatzeko lizitazio prozesua ireki duela jakinarazi du Debako Udalak. Zerbitzu horren bidez, uda-denboraldian bainularien segurtasuna eta ongizatea bermatu nahi dute, lagundutako bainua eskaintzeaz gain. Kontratuaren aurrekontua 468.284,64 eurokoa da lehen bi urteetarako, hau da, 234.142,32 euro urteko, eta kontratua beste bi urtez luzatzeko aukera egongo da. Eskaintzak apirilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoaren plataformaren bidez.

Lizitazio prozesu hori 2025eko maiatzean Udalak eta Foru Aldundiak sinatutako "akordio historikoaren baitan" kokatzen dela gogorarazi du Udal Gobernuak. Bada, akordio horren helburua hauxe da: hondartzako zerbitzuen kostua Foru Aldundiak bere gain hartzea, gastu hori ez dadin Debako herritarren gain bakarrik geratu. "Horrela, neurriak aringarri ekonomiko garrantzitsua ekarriko dio udalerriari", aipatu du Alazne Txurruka alkateak. "Akordioa Udalak udalerriarentzat finantzaketa bidezkoagoa lortzeko egindako ahaleginaren emaitza" dela ere erantsi du.

Akordio horri esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du hondartzetako zaintza, salbamendu eta bainu egokituarekin lotutako gastuen zati esanguratsu bat, baita hondartzen eta haien inguruen garbiketari dagozkion gastuak ere. Horiek horrela, 2026rako 197.982,38 euroko dirulaguntza emango dio Debako Udalari, itsasertzari lotutako zerbitzuak kudeatzen laguntzeko; kopuru horretatik, 27.000 euro hondakinen kudeaketarako bideratuko dituzte, eta 170.982,38 euro, hondartzen kudeaketa eta mantentzerako. "Horrela, udalerriak babes ekonomiko garrantzitsua jasoko du, eta, horri esker, baliabideak beste proiektu batzuetara bideratu ahal izango dira, Debako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin", azaldu dute. Halaber, beren esanetan, akordioak Udalaren eta Aldundiaren konpromisoa indartzen du, "lurraldeko ingurune naturalen kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren alde". 

Ekainaren 15etik irailaren 15era

Enpresa esleipendunak ekainaren 15etik irailaren 15era arteko zerbitzua eman beharko du, bi hondartzetan, Santiagon eta Laparin. Arreta-ordutegia 11:00etatik 19:00etara izango da ekainean eta irailean, eta 10:30etik 20:00etara artekoa, berriz, uztailean eta abuztuan.

Lizitazio oinarri guztiak Jaurlaritzaren kontratazio publikoaren plataforman daude ikusgai.