Ukrainako gerratik ihesi iritsi zen Debara Varvara Bondarchuk (Irpin, Ukraina, 1981), duela lau urte, Errusiaren inbasioa hasi eta gutxira. Gerrako errefuxiatu gisa heldu zen, Daria alabarekin, Natalia Mamula lagunarekin eta haren seme-alabekin –Misha eta Oksana Volosatova–; Europa erdia zeharkatu ondoren iritsi ziren bostak Debara. Gaur-gaurkoz, Bondarchukek jarraitzen du hemen alabarekin, eta, pixkanaka, bizitza berreraikitzen ari da.
Zergatik alde egin behar izan zenuen Ukrainatik?
Nire herrialdea gerraren ondorioz utzi behar izan nuen. Hasieran ez nuen pentsatzen alde egingo nuenik, baina gure herria bonbardatzen hasi zirenean dena aldatu zen. Horrelako egoera batean beldurra sentitzen duzu; batez ere, alabaren segurtasunagatik. Herritik ateratzea ia ezinezkoa zen, baina alkateak emakume eta haurrentzat tren bat antolatzea lortu zuen. Lehen tren hartan ihes egin genuen: alabak, haren lagun batek eta hirurok. Trena jendez gainezka zegoen eta ia ez zegoen mugitzeko lekurik. Presaka irten ginen, ia ezer gabe; soinean generamanarekin eta ezer gutxirekin.
"Ezezagun batzuek besoak zabalik lagundu ziguten; niretzat, bigarren familia bihurtu dira"
Debara etortzea zen hasierako asmoa?
Argi nuen Ukrainatik alde egin behar genuela eta ez nuela Polonian geratu nahi, oso gertu zegoelako. Hasieran ez nekien nora joan; ahalik eta urrunen joan nahi nuen, seguru egoteko. Azkenean, Debara etortzeko arrazoia Oksana izan zen, nire alabaren laguna.
Nola sortu zen aukera?
Oksanak Debara deitu zuen, Arana-Aizpurua familiaren etxera, eta galdetu zien ea gu guztiok hartuko gintuzten; izan ere, guztira bost lagun izango ginen, haren ama eta neba ere bai. Oksana txikitan hemen egona zen, Chernobil Elkartearen programaren bidez. Arana-Aizpurua familiak baietz esan zuen, eta beste aukera bat eman ziguten seguru egoteko. Ezezagun batzuek besoak zabalik lagundu ziguten; niretzat, bigarren familia bihurtu dira.
Zenbat iraun zuen bidaiak?
Oso luzea izan zen. Lehenik, Poloniara joan ginen, eta han astebete inguru egon ginen zain, Oksanaren amarekin, nebarekin eta nire amarekin elkartu arte. Nire amak hasieran ez zuen alde egin nahi, baina, bonbardaketak etengabeak zirenez, azkenean, ihes egitea erabaki zuen. Gero, handik nire ama Turkiara joan zen. Eta gu bostok Debaranzko bidaia hasi genuen: Polonian elkartu ondoren, Alemaniara eta Frantziara joan ginen, eta, azkenik, Debara iritsi ginen.
"Askok galdetzen didate ea hemen pozik nagoen, eta, askotan, ez dakit zer erantzun, nire herrialdea eta nire jendea oraindik sufritzen ari da eta"
Zer espero zenuen hemen?
Egia esan, ez nuen ezer espero. Eskertuta nengoen ohe bat izateagatik ere. Parisen, adibidez, geltokian lo egin behar izan genuen. Bi gela ordaintzeko dirua geneukan, baina hotelekoek hiru gela behar genituela esan ziguten, eta, ezin genuenez ordaindu, kale gorrian geratu ginen. Gure egoera azaldu genien, baina, hala ere, kalean utzi gintuzten. Oso gogorra da gaua banku batean pasatzea eta nora joan ez izatea.
Nolako harrera egin zizueten hona iritsi zinetenean?
Arana-Aizpurua familia lehen egunetik arduratu zen guztiaz: dokumentazioaz, erroldaz eta beste hainbat kontuz. Egia esan, hasieran jende askok lagundu nahi zigun, arropa eta dirua eskainiz, baina, batzuetan, horrek deseroso ere sentiarazten ninduen. Eskertuta nago, baina oso gogorra da hori bizi izatea, lehen bizitza normala nuen eta. Askok galdetzen didate ea hemen pozik nagoen, eta, askotan, ez dakit zer erantzun, nire herrialdea eta nire jendea oraindik sufritzen ari da eta.
Zerk harritu zintuen gehien Debara iristean?
Kalean ikurrinak ikusteak asko harritu ninduen. Balkoi askotan zeuden. Gero, azaldu zidaten hau ez zela Espainia, Euskal Herrian geundela.
Euskararekin zer harreman duzu?
Euskaltegian izena eman nuen, baina ez zen talderik sortu. Eskaintzen dituzten ordutegiak eta nire laneko ordutegia, gainera, ez dira bateragarriak; lanaldi osoa baduzu, ia ezinezkoa da. Uste dut aukera gehiago eskaini beharko lituzketela euskara ikasi nahi dugunontzat.
Zer gustatzen zaizu gehien Debako bizitzatik?
Lana izatea. Ile-apaintzailea naiz. 20 urte baino gehiagoko esperientzia dut, eta, egia esan, nire lana oso gustuko dut. Ez dut eskatu nahi; lan egin nahi dut eta nire soldata irabazi. Lankide oso onak ditut. Janirek eta Maitanek, lana emateaz gain, integratzen lagundu didate, eta askotan gonbidatzen naute lana amaitu ondoren zerbait hartzera. Horrez gain, lagunak eta kuadrilla ere baditut.
Bi familia etorri zineten Debara. Denok jarraitzen duzue hemen?
Etorri eta bederatzi hilabetera, laguna Ukrainara itzuli zen, seme-alabekin; nik, ordea, hemen jarraitzen dut, alabarekin.
"Debako jendearekin oso eskertuta nago, egindako harreragatik eta eskainitako laguntzagatik"
Zer igartzen duzu gehien faltan Ukrainako bizitzatik?
Batez ere, nire jendea: familia, lagunak, bezeroak… Uste dut egunen batean gerra amaitzen bada ere, bizitza inoiz ez dela lehen bezalakoa izango.
2022an etorri zinen Debara. Uste zenuen hemen hainbeste denbora emango zenuela?
Banekien ukrainar soldaduek ez zutela erraz amore emango, eta gerra luzea izango zela. Horregatik ez nintzen Turkian geratu nire amarekin. Oporretarako herrialde polita da, baina ez nuen egokia ikusten; batez ere, nire alabaren etorkizunagatik. Ez nekien hainbeste denbora emango nuenik hemen, baina, bizitzaren kasualitateengatik, hemen aurkitu dut nire bigarren familia. Debako jendearekin oso eskertuta nago, egindako harreragatik eta eskainitako laguntzagatik; pozik bizi naiz hemen, herriko beste bat bezala.
Lau urte igaro dira gerrak eztanda egin zuenetik. Zer berri jasotzen duzue? Bat dator komunikabideetan ikusten dugunarekin?
Tristuraz, amorruz eta ezintasun handiz bizi dut. Egunero telefonoari begira egoten naiz, nire herrian eta Ukrainan zer gertatzen den jakiteko. Batzuetan, estaldura ona dagoenean, lagunekin edo familiarekin hitz egin dezaket, baina ez da beti posible izaten. Ile-apaindegian bezeroek galdetu izan didate ea egoera hobetu den, baina esaten diet errealitatea, askotan, komunikabideetan agertzen dena baino okerragoa dela. Azken negua oso gogorra izan da: jende askok 20 ordu baino gehiago eman ditu etxean argirik eta berogailurik gabe. Askotan, hori guztia ez da hemen agertzen. Badirudi Ukrainako gerra desagertu egin dela albisteetatik, baina hor dago. Egunero datoz bonbardaketen berriak.