Hastear dira Debako Gudarien Plaza oinezkoentzako gune bihurtzeko lanak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 12a

Plaza berritu eta Gudarien Plazaren eta Pasealeku Estaliaren arteko lotura hobetzea da proiektuaren helburua; astelehenean (martxoak 16) abiatuko dituzte lanak. 

Debako Udalak jakinarazi duenez, astelehenean (martxoak 16) hasiko dituzte Gudarien Plaza berritzeko lanak, Debegesarekin lankidetzan. Proiektuaren helburu nagusia da plaza oinezkoentzako espazio segurua bihurtzea da, Gudarien Plaza eta Pasealeku Estaliaren arteko lotura hobetuz; gaur egun, bi guneen arteko tartea N-634 errepideak bereizten du. "Aldaketa horri esker, oinezkoek ibilgailurik gabeko gune batez gozatu ahal izango dute, mugikortasuna eta segurtasuna hobetuz eta plaza hiru-ingurunean hobeto integratzea sustatuz", adierazi dute udal iturriek. 

Lanak Next Generation Europako funtsen bidez finantzatuko dira, 440.510,71 euroko aurrekontuarekin. Udal iturriek azaldu dutenez, proiektuak hiri-ingurune "irisgarriago eta jasangarriago bat" sustatuko du.

Eraberritzeak ez du soilik irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea bilatzen; ingurumena errespetatzeko neurriak ere sartzen direla erantsi dute. "Next Generation Europako funtsen laguntzari esker, jasangarritasun-irizpideak obren fase guztietan txertatuko dira, materialean aukeraketatik hasi eta drainatze eta argiztapen sistemak hobetzeraino". Horretarako, zoladura iragazkorrak erabiliko dituzte, energia-eraginkortasun handiko argiztapena jarriko dute eta biodibertsitatea sustatzen duten gune berdeak sortuko direla esan dute.  

Proiektuaren xehetasun nagusiak

Lanak faseka egingo dira: lehenik, espaloiak egokituko dira, ondoren, plazako lanak burutuko dira eta, azkenik, errepideko esku-hartzea egingo da. Lan nagusiak honakoak izango dira:

  • Plaza oinezkoentzako bihurtzea. Ibilgailuen pasabidea kenduko da eta espazio bakarra sortuko da oinezkoentzat. "Horrek oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko ditu". 

  • Pasealeku estaliarekiko lotura hobetzea. Bi espazioen arteko irisgarritasuna hobetuko da, gaur egun N-634 errepideak etena duena. "Hobekuntza horri esker, bi espazioen artean dabiltzan oinezkoek zirkulazio arinagoa eta seguruagoa izango dute". 
  • Hiri-altzarien eta berdeguneen instalazioa. Elementu berriak jarriko dituzte: hala nola bankuak, lorazainak eta zuhaitzak. "Espazio atseginagoa eta erabilgarriagoa sortuko da herritarren atsedenerako eta topaketarako". 

  • Ondare-eskulturalen birkokapena. "Plazan dagoen eskultura hiru-diseinu berrian behar bezala integratzeko moduan birkokatuko da, plazaren eraldaketa-prozesauren barruan duen balio kultural eta estetikoa errespetatuz". 

Halaber, zoladura berritzea, argiteria publikoaren sarea hobetzea, ur-hornidura eta saneamendua hobetzea aurreikusten da, guztiak irisgarritasun eta jasangarritasun irizpideen arabera.

Alazne Txurruka alkateak adierazi duenez, honako proiektua ere Udalak herriko espazio publikoak hobetzeko duen konpromisoaren erakusgarri da. "Gudarien Plaza guztiontzako leku irisgarri eta seguruagoa izango da, herri-ingurunearekin integrazio osotuagoa bultzatuz. Urrats garrantzitsua da Deba denontzat erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izan dadin", agertu du. 

Obrak hasi aurreko prestaketa lanak

Obrak astelehenean abiatuko badira ere, horiek hasi aurretik beharrezko prestaketa-lanak egingo dituzte plazan. Gaur (martxoak 12), esaterako, plazan dauden edukiontzi guztiak geltoki zaharreko aparkalekura lekualdatzen hasiko dira, "obrak modu egokian abiatzeko". 

Era berean, ohartarazi dute lanek ez diotela Debatik igaroko den Euskal Herriko Itzuliari eragingo. "Lasterketak ohiko ibilbidea mantenduko du eta ez du etenik izango".