Uxuera eta Lizarrara irteera antolatu du Arbil Elkarte Sozialak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 16a

Nafarroako bi herriak martxoaren 26an bisitatuko dituzte. Irteeran parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. 

Elkarte sozialeko kideek martxoaren 26an egingo dute txangoari buruzko hainbat xehetasun eman dituzte. Lehenengo Uxue ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, eta Erdi Aroko herriak eskaintzen duena ezagutu ondoren, bazkari baten bueltan elkartuko dira. Aurreratu dutenez, Lizarran bazkalduko dute. Irteeraren prezioa 55 eurokoa da, eta prezio horren barruan garraioa, bisita gidatua eta bazkaria sartzen direla esan dute.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute; gaur (martxoak 16) da horretarako lehen eguna eta, zehaztu dutenez, 11:00etan aurrera egongo da bulegoa irekita. Irteeraren egunean autobusa 08:00etan abiatuko da Debatik; zumardian, hondartza sarreran jasoko ditu txangoan parte hartzeko izena emanda daudenak. "Itzultzeko ordua bazkarian bertan erabakiko da", azaldu dute antolatzaileek.

Toscanara aste beteko bidaia

Arbieko kideek urrian egingo duten bidaia luzea ere aurkeztu dute. Argitu dutenez, Toscanara egingo dute bidaia, urriaren 20tik 27ra, zazpi gau eta zortzi egun guztira. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da; epea martxoaren 23ra arte dago zabalik, eta jakinarazi dutenez, 540 euro ordaindu behar dira izena ematerako orduan. 

Italian egongo diren egunetan hainbat leku bisitatuko dituzte: Florentzia, Pisa, Siena, Perugia, La Val D'Orcia eta Chianciano, esaterako. Hiru izarretako hoteletan hartuko dute ostatu, eta Italiara hegazkinez joango dira, bertan autobusez mugitzeko. Bidaiari buruzko xehetasun gehiago elkartean bertan eska daitezke.