Debako Euskal Jolaseko bi pilotari deitu dituzte GRABNI txapelketan Gipuzkoa ordezkatzeko

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 13a

Gipuzkoako selekzioak paleta argentinarrerako eta larruzko paletarako hautatu diten pilotarietako batzuk. Argazkia: Gipuzkoako pilota federazioa.

Iñaki Badiola Oria eta Manex Prieto Saez debarrak larruzko paletan aritzeko aukeratu dituzte; nagusien mailako gizonezkoen taldea ordezkatzeko aukeratu dituzten lau pilotarien artean daude. Modalitate horretan, gainetan, Euskal Jolasekoek egingo dituzte hautatzaile lanak ere.

Hastear da pilota federazioen arteko GRABNI pilota txapelketa. Asteburuan (martxoaren 14an eta 15ean) ekingo dio lehiari Gipuzkoako selekzioak, eta haren aurka, ohi bezala, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako pilotari onenak arituko dira. 

Txapelketa pilota modalitate ia guztietan jokatzen da, eta Gipuzkoako Federazioak hainbat pilotari hautatu ditu lurraldea ordezkatzeko. Aukeratuen artean daude Euskal Jolaseko bi kide ere: Iñaki Badiola Oria eta Manex Prieto Saez debarrak. Biak ala biak larruzko paletan ariko dira; izan ere, nagusien mailako gizonezkoen taldea osatzeko deitu dituzten lau pilotarien artean daude. Modalitate horretan, gainera, Euskal Jolasekoek egingo dituzte hautatzaile lanak ere.  

Bost jardunalditan

Lehiaketaren egitura ohikoa izango da: bost jardunalditan banatuta, buelta bakarreko ligaxka bat jokatuko da apirilaren 19ra bitartean Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako pilota federazioek. Behin ligaxka amaituta, azken faseari ekingo diote. Apirilaren 26ko asteburuan jokatuko dira finalerdiak: Nafarroan izango dira ezker hormako finalaurrekoak, eta Errioxak hartuko ditu trinketeko neurketak. Astebete geroago erabakiko dira txapeldunak, maiatzaren 1ean eta 2an jokatuko diren finaletan; kasu horretan, Bizkaia izango da egoitza bakarra. 

GRABNI txapelketan Gipuzkoako selekzioa ordezkatzeko aukeratu dituzten pilotariak eta hautatzaileak

 

Gipuzkoari dagokionez, etxean abiatuko du ligaxka; Errioxako selekzioa izango du lehen aurkari. Hirugarren eta laugarren jardunaldiak ere etxean jokatuko dituzte gipuzkoarrek: martxoaren 29ko eta apirilaren 12ko asteburuetan, hurrenez hurren, Bizkaiaren eta Iparralderen aurka ariko dira.Gainerako bi jardunaldiak, aldiz, etxetik kanpo jokatuko ditu Gipuzkoako selekzioak. Bigarrena, martxoaren 22koa, Nafarroan izango da; bosgarrena, berriz, apirilaren 19koa, Araban. 

Gizonezkoen nagusi mailako larruzko paletako partidak larunbat (martxoak 14) jokatuko dira Donostian. Zehazki, 10:00etan hasiko dira, Altzako udal pilotalekuan.