M17 Greba Orokorra

Biharko deitutako grebak eragina izango du garraio publikoan

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 16a

Bihar (martxoak 17) gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituztela ohartarazi dute Euskotrenek eta Lurraldebusek.

Hego Euskal Herrian 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, greba orokorrerako deia egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak biharko, hau da, martxoaren 17rako. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek deitu dute grebara, LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki lelo hartuta.

Mobilizaziorako deialdiak eragina izango du garraio publikoan ere. Euskotrenek, adibidez, gutxieneko zerbitzuak (%30) bermatuko dituela jakinarazi du. Grebak honako zerbitzu hauei eragingo die: Trenbidea (Bizkaia eta Gipuzkoa), Metroa (Bilboko 3. linea), Tranbiak (Bilbo eta Gasteiz), Funikularra (Larreineta, Trapagaranen) eta Autobusak (Euskotrenek Bizkaibusentzat eta Lurraldebusentzat emandako zerbitzuak, eta trenbide/funikularraren zerbitzu osagarriak Zamudioko Parke Teknologikoa, Usansoloko Ospitalea eta Larreineta-Zugaztieta). Informazio gehiago nahi izanez gero, erabiltzaileek 944 33 33 33 telefono zenbakira deitu edota www.euskotren.eus webgunera jo dezakete.

Ildo beretik, Lurraldebuseko autobusek ere gutxieneko zerbitzua emango dute bihar. Esteka honetan kontsulta daitezke ordutegiak.