Deban egindako mobilizazioa eskualdeko beste herri batzuetan antolatutako protestekin bat egin da, greba orokorraren deialdiari erantzunez.
Iragarrita zegoen bezala, 19:00ak pasatxo abiatu da martxa Foruen Plazatik. Protestan parte hartu dutenek herriguneko kaleetan barrena egin dute ibilbidea, M17 Greba Orokorra. Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko mezua zuen pankartaren atzetik.
Mobilizazioa giro lasaian egin da. Askotariko mezuak entzun dira kaleetan barrena; besteak beste, Hemen lan egin, hemen erabaki!, Soldata duinak denontzat!, Borroka da, bide bakarra!, Aberastasuna banatu!... eta antzeko leloak behin baino gehiakotan errepikatu dituzte.
300.000 langile baino gehiago
Ekimena Foruen Plazan bertan amaitu da, eta bertan eguneko adierazpena irakurri dute. Egungo krisia langileen egoera gogortzen ari dela eta prekarietatea areagotzen ari dela salatu dute.
Eman dituzten datuen arabera, Euskal Herriko 300.000 langilek baino gehiagok dute 1.500 euro baino gutxiagoko soldata dute. "Inork ez du nahi lana gogor egin ostean miseriazko soldata bat jasotzea eta bizi-proiektua garatzeko estu ibili behar izatea. Guk ez dugu nahi Euskal Herrian inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea", adierazi dute. Hori hala, gutxieneko soldata Euskal Herrian bertan erabakitzea garrantzitsua dela gogorarazi dute.
Greba orokorra langileen tresna garrantzitsua dela nabarmendu dute mobilizazioaren sustatzaileek, eta borrokan jarraitzeko deia egin dute: "Lortu arte borrokan jarraituko dugu", erantsi dute.