Errigoraren produktuak eskatzeko azken orduak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 18a

Gaur (martxoak 18) amaituko da Errigoraren bitartez Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuak eskatzeko epea. Eskariak Errigora.eus webgunean egin behar dira.

Herritarrek oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak eskatzeko aukera dute oraindik ere errigora.eus webgunean; betiere, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta.

Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da, Nafarroan euskara ofiziala ez den zonan eragin nahi duena; horretarako, eremu hartakoak diren elikagaiei Euskal Herrian zabaltzeko bidea egiten zaie.

Debabarreneko hainbat eragilek babestuko dute aurten ere ekimena. Eta, auzolan horri esker, produktuak eskualdeko hainbat herritan jasotzeko aukera izango da oraingoan ere, baina aurrerago zehaztuko dute noiz eta non.