'Las vidas secretas de las esposas de Baba Segi' liburuaz ariko dira Irakurketa Klubean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 23a

Lola Shoneyin idazlea. Arg.: Harald Krichel (Wikipedia)

Ostolaza Udal Liburutegiko Irakurketa Klubeko partaideak bihar (martxoak 24) elkartuko dira, 19:00etan. Ainhoa Aldazabalek gidatuko du solasaldia, gaztelaniaz.

Nigeriako gizarte-errealitateak eta emakumeen bizitzak aztertzen ditu Lola Shoneyinek idatzitako Las vidas secretas de las esposas de Baba Segi eleberriak; emakumeak protagonista dituzten istorioen bidez, etxeko indarkeriak, maitasunak, pobreziak eta gizarte-presioak nola eragiten dieten azaleratzen du.

Debako Udalak azaldu bezala, literatura eta gizarte-kontzientziazioa uztartzeko helburua izango du biharko saioak. Izan ere, partaideek liburuko protagonista diren emakumeen errealitateak eta gizarte egitura patriarkalaren kontrako borrokak ere hizpide izango baitituzte, besteak beste, udal liburutegian.

Irakurketa Klubean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Liburutegian egin daiteke izen-ematea aurrez aurre, baita 943 19 25 60 zenbakira deituta edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita ere.