Menopausiari buruzko hitzaldi-tailer ziklo bat antolatu dute Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 7a

Arg.: Goiena

Debako Udalak hiru saioz osatutako hitzaldi-tailer zikloa antolatu du, emakumeei menopausia modu osasuntsu eta kontzientean bizitzeko tresnak eta informazioa eskaintzeko. Apirilean eta maiatzean egingo diren saioak Agirre jauregiko Ispiluen gelan izango dira. Parte-hartzea mugatua dela nabarmendu dute.

Debako Udalak menopausiari buruzko hitzaldi-tailer ziklo bat antolatu du apirilerako eta maiatzerako. Berdintasun arlotik adierazi dutenez, helburua nagusia da menopausiaren inguruko informazioa eta tresna praktikoak eskaintzea, "etapa hori modu osasuntsu eta kontzientean bizitzen laguntzeko". 

Zikloa hiru saioz osatuta egongo da, eta etapa horretan dauden emakumeei informazioa, baliabideak eta laguntza eskaintzea du helburu. Bertan, besteak beste, nutrizio estrategiak, menuen planifikazioa eta zoru pelbikoko ariketa praktikoak landuko dituzte. Udaletik jakinarazi dutenez, tailer guztiak Agirre jauregiko Ispiluen gelan egingo dira, 18:00etan hasita.

Lehen saioa apirilaren 16an izango da; nutrizio estrategikoa menopausian izango dute hizpide, eta ordu eta laurdeneko iraupena izango du. "Elikadurak menopausian duen garrantzia azalduko da, sintomak arintzeko eta osasuna zaintzeko jarraibide praktikoekin", argitu dute.

Bigarrena apirilaren 30ean izango da; ordu eta laurdenean, asteko menuaren planifikazioa landuko dute. "Helburua eguneroko elikadura modu errazean antolatzeko tresnak eskaintzea da, menopausiaren behar espezifikoetara egokituta", erantsi dute. 

Hirugarren eta azken saioa maiatzaren 7an egingo dute, eta zoru pelbikoko fisioterapiari eskainiko diote arreta. Saioak bi orduko iraupena izango du, eta, iragarri dutenez, perimenopausian eta menopausian daudenentzako ariketa praktikoak egingo dituzte. "Zoru pelbikoaren osasunak etapa honetan duen garrantziaz hitz egingo da, prebentzio- eta indartze-ariketa praktikoekin", azaldu dute. 

Parte-hartze mugatua

Ohartarazi dutenez, parte-hartzea mugatua izango da, guztira 20 plaza eskainiko baitira. Parte hartzeko interesa dutenek Debako udaletxean bertan, telefonoz (943 19 28 40) edo posta elektronikoz (berdintasuna@deba.eus)  izena eman dezakete. 

Debako Udalak herritarrak animatu nahi ditu hitzaldi-tailer hauetan parte hartzera, “menopausia modu osasuntsu eta informatuan bizitzeko baliabideak eskuratzeko aukera paregabea” delako.