IRITZIA

"Erantzuna EAJren gezurren aurrean: Nor da hemen baztertzailea eta inposatzailea?"

Gazte Blokea 2026ko martxoaren 30a

EAJk Debako Korrikaren harira publikatutako idatziaren aurrean, Gazte Bloketik (Debako Gazte Asanblada eta Debako GKS) honakoa argitu nahi dugu:

EAJk harrotasunez aurkezten du bere burua herriaren ordezkari gisa, baita euskararekiko konpromiso sutsua ere.

Aitzitik, hitz polit horiek edukiz hutsik daudela agerian geratu da Korrikaren antolakuntza prozesuan; izan ere, bertan parte hartzen egon garen herriko eragileok argi ikusi dugu ez direla bileretara azaldu ere egin, ezta elkarlanerako inolako asmorik erakutsi ere. Hipokresia ariketa itzela da gutunean herriaren izenean hitz egitea, praktikan, aste luzez jardun dugun hamarnaka eragileon erabakien gainetik jarri direnean. Gipuzkoako Aldundiarekin batera, horrelako ekimenen antolakuntzan lekurik eduki beharko ez luketen "azken momentuko deiak" erabili dituzte ibilbidea beren mesedera aldatzeko.

Bestalde, EAJk "etekin politikoa" bilatzea egozten digu, baina haiek dira estrategia hori maisuki erabili dutenak: beren interes propioak inposatu ostean, erasotuaren azalean ezkutatzen dira. Horren erakusle da, besteak beste, hainbat eragileren kilometroa herri erdigunetik desplazatu izana edota Gazte Blokeari gaztetxe aurreko lekukoa ukatu izana.

Ez dute aski izan antolakuntzaren gainetik pasatzearekin; idatzi honekin Gaztetxeen aurkako kriminalizazio kanpaina elikatu nahian dabiltza ere. Baina guk argi daukagu: Haiek "zarata" deitzen dioten hori, guretzat borroka da. Eta bai, borrokan jarraituko dugu euren azpijoko burokrata eta instituzionalaren aurrean. Euskarak ez baitu aurpegi zuriketarik behar, euskararen aldeko oihu irmo eta antolakuntza indartsua baizik!

Borrokan jarraituko dugu, euskara borrokan bizi baita!