Debako Haurreskolak zabaldu du ikasturte berrirako matrikulazio epea

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 14a

Maiatzaren 4ra bitartean egongo da zabalik 2025ean eta 2026an jaiotako haurrak matrikulatzeko epea. Gaur (apirilak 14) ate irekien jardunaldia egingo dute, 16:30etik 18:00etara, herritarrei haurreskolaren azpiegiturak eta hezkuntza programa ezagutzeko aukera emanez.

Atzo, apirilaren 13an, ireki zuen Debako Haurreskolak 2026-2027 ikasturterako matrikulazio epea, 2025ean eta 2026an jaiotako haurrentzat. Eta, jakinarazi dutenez, familia interesdunek maiatzaren 4ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, Internet bidez zein aurrez aurre, haurreskolan bertan (Anguleru kalea, 2).

Funtsean, Debako Udalak nabarmendu bezala, "kalitatezko hezkuntza goiztiarrerako sarbidea erraztea eta txikienen garapen integrala sustatzea" da 0-2 urte bitartekoei zuzendutako doako zerbitzu publiko honen helburu nagusia.

Edozein zalantza argitzeko edota zerbitzuari buruzko informazio gehiagorako, herritarrek 943 19 20 81 telefono zenbakira deitu edo deba.deba@haurreskola.eus posta elektronikora idatzi dezakete. Halaber, www.haurreskolak.eus webgunean kontsulta daitezke xehetasun guztiak eta bertan egin daiteke, gainera, Internet bidezko izen-ematea.

Ate irekien jardunaldia

Matrikulazio kanpaina abiatu berritan, gaur ate irekien jardunaldia egingo dute, 16:30etik 18:00etara, herritarrei haurreskolaren azpiegiturak eta hezkuntza programa ezagutzeko aukera emanez.