Palestinaren iragana eta oraina ardatz dituen erakusketa egingo dute Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 16a

Bihar (apirilak 17) zabalduko dute Deba-Palestina herri ekimenak antolatutako erakusketa; igandera (apirilak 19) arte egongo da ikusgai, elizako klaustroan.

Deba-Palestina herri ekimenak Palestina: ibilbide historikoa gaur egungo genozidioraino izeneko erakusketa antolatu du elizako klaustroan. Antolatzaileen esanetan, helburua da Palestinan gertatzen ari dena herritarrei ulertaraztea.

"Palestinako afera pil-pilean egon da azken urteetan, bai eguneroko solasaldietan, bai albistegietan. Erakusketa honetan, Palestinaren historiari buruz ikasteko aukera izango da, gaur egungo genozidio egoerari bide eman dion ibilbide historikoan murgilduta", zehaztu dute.

Antolatzaileek egoeraren larritasuna ere nabarmendu dute: “Bi urte igaro dira genozidioa hasi zenetik, eta Israelek egunero jarraitzen du Palestina bonbardatzen”. Horren aurrean, egokia iruditu zaie erakusketa Debara ekartzea, herritarrek palestinarrek "bizi duten egoera eta miseria" sakanago ezagutzeko aukera izan dezaten.

Erakusketa bihar (apirilak 17) zabalduko dute, eta igandera (apirilak 19) arte egongo da ikusgai. Epe tarte horretan egunero ikusi ahal izango da, honako ordutegian: bihar, 17:00etatik 19:00etara; etzi, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 12:00etatik 14:00etara.

Izaera ibiltaria

Ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, gainera, erakusketa ibiltaria da. "Durangoko herri ekimeneko kideek prestatu zuten, eta gaur egun herriz herri dabil. Duela gutxi, esaterako, Elgoibarren egon da, eta orain Debara iritsiko da”. Nolanahi ere, azaldu dute erakusketaren jatorria aurreragokoa dela. "Ideia, berez, Cadizko Lumbre elkartearena da; haiek 2018an egin zuten antzeko erakusketa bat, eta durangarrek gero euskaratu egin zuten".

Proposamenak izaera didaktikoa du, eta bisitariei testuinguruan sakontzeko aukera eskaini nahi die. Horretarako, Palestinaren historiari buruzko informazio esanguratsua bildu dute, testu eta irudien bidez azaldua. Guztira, hogei bat panel egongo dira ikusgai, eta ibilbide moduko bat proposatzen dute, historian zeharreko azalpen ugarirekin. “Besteak beste, Palestinaren historiari buruzko datu oso garrantzitsuak jasotzen dira bertan”, nabarmendu dute.