Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 22a

Apirilaren hasieran abiatu zen 2025eko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina eta, beste urte batez, Debako Udalak eta UEMAk aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute.

Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko kanpaina abiarazi du Debako Udalak, UEMArekin elkarlanean. Aurtengoan, iaz bezala, kanpaina hau GFAk sustatutako Ogasunarekin euskaraz! ekimenaren osagarri izango da. 

Gogorarazi dutenez, errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude gaur egun eta guztietan erabil daiteke euskara: autolikidazio-proposamena telefonoz edo Internetez onartzean, aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazi daiteke; errenta mekanizatua egiten dutenek bulegoan laguntzen duen langileari aitorpena euskaraz egin nahi dutela adierazi beharko diote, eta gauza bera egin beharko dute aitorpena egiteko bankuan edo aholkularitza-bulego batean egiten dutenek; azkenik,  Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman ere egin daiteke euskararen aldeko hautua.

Udalak adierazi bezala, urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Deban, adibidez, 2025ean (2024ko ekitaldikoak) egin ziren 3.182 errenta aitorpenetatik 976 euskaraz egin ziren. "Horri jarraiki, aurten eta datozen urteei begira, helburua da herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatzea eta zifra hori, urtez urte, handitzen joatea", nabarmendu du.