Arbil Elkarte Sozialak osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko helburuarekin hitzaldi bat eta tailer bat antolatu ditu, Osakidetzarekin elkarlanean. Arbileko kideek azaldu duenez, ekimen hauek Aste Santuko oporren ostean antolatutako egitarauaren barruan kokatzen dira, osasun ohiturak sustatzeko eta herritarren ongizatea indartzeko helburuarekin.
Bihar (apirilak 16), esaterako, Nire gaixotasunak ulertzen izeneko hitzaldia eskainiko dute; ekimena 11:00etan hasiko da elkarteak Simon Berasaluze plazan (Eguneko Zentroa) duen egoitzan. Iragarri dutenez, bi orduko iraupena izango du saioak, eta bertan hipertentsioa, bihotz-gutxiegitasuna eta diabetesa izango dituzte hizpide Osakidetzako profesionalek. Adierazi dutenez, helburua da gaixotasun kroniko horien inguruko ezagutza handitzea eta eguneroko kudeaketa hobetzea.
Diabetesa hizpide
Gaineratu dutenez, dagoeneko martxan da Hartu zure diabetesaren kontrola deritzon tailerra ere. Honako tailer hau ere Osakidetzako profesionalak ari dira gidatzen, 2 motako diabetesaren inguruko hezkuntza programaren barruan. Helburua da parte-hartzaileei gaixotasuna hobeto ulertzeko eta egunerokoan kudeatzeko tresnak eskaintzea.
Zehaztu dutenez, tailerrak guztira lau saio izango ditu. Lehenengoa aurreko astelehenean (apirilak 13) egin zuten eta hurrengoak apirilaren 20an, 28an eta maiatzaren 4an izango dira. Saio guztiak Arbil elkartean bertan izango dira, 16:00etatik 18:00etara. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, parte-hartzea mugatua izango da, 10-12 lagun ingurukoa.