'Zerbait sartu zait begian' eta 'Kay robot' ikuskizunak, asteburuan, Ispiluen gelan

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 17a

Imanol Epelde, agertokian. Arg.: Noaua

Bihar eta etzi izango dira 'Ispilu(h)ari' programaren baitako emanaldiak.

Bi kultur ekitaldi antolatu ditu Debako Udalak astebururako: publiko gazte eta helduari zuzendutako performancea eta haurrentzako txotxongilo ikuskizuna, bihar eta etzi, hurrenez hurren. Biak ala biak Ispilu(h)ari izenburupean abiatutako kultur programaren baitan egingo dira, doan, Agirre jauregiko Ispiluen gelan.

Bihar, larunbatez, Imanol Epeldek (Zarautz, 1977) Zerbait sartu zait begian izeneko ikuskizuna taularatuko du, 18:00etan. Geuretik Sortuak egitasmoari esker, zarauztarrak sormen egonaldi bat egin zuen iaz Ajangizen eta Muxikan (Bizkaia), eta orduan landutakoaren emaitza herriz herri aurkezten ari da azken asteotan.

Spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea da Zerbait sartu zait begian. Sortzailearen esanetan, "bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara" umorez nahasten ditu lanak, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez. Eszenan artista bakarra agertzen da, irudiz eta musikaz lagunduta, betiere.    

"Komedia ameslaria"

Bestelakoa izango da Ispiluen gelak etzi, igandean, hartuko duen ikuskizuna: Kay robot. 17:30ean hasiko da 6 urtetik gorakoei zuzendutako emanaldia. 

Ameztu Antzerkia konpainiaren lana da Kay robot, "hiperteknologiaren tiraniari buruzko txotxongilo komedia dibertigarria eta ameslaria". Emilio de Pinedo da zuzendaria eta David Taboada, berriz, antzezlea. Sinopsiak hauxe dio: "Kay txikitatik da etorkizunaren beldur. Txipez, diodoz eta algoritmoz beteriko etorkizuna. Baina etorkizuna ez dago makinen eskuetan, makinen eraikitzaileen bihotzetan baizik. Beraz, haren zortzigarren urtebetetzean, robot eraikitzaile bihurtzea erabaki zuen. Baina haren izaki mekanikoak matxinatu egiten dira, eta iraultza robotiko bat sortzen da, gizateria akabatuko duena".