Etzi haur eta gaztetxoei zuzendutako Anes Arrinda krosa izango da Debako zumardian

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 16a

Dagoeneko 138 parte hartzailek eman dute izena kirol proban; bihar (apirilak 17) da horretarako azken eguna.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, HH5etik LH6ra arte ikasleek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Dagoeneko 138 lagunek eman dute izena bertan, eta antolatzaileek gogorarazi dute oraindik ere izena emateko aukera zabalik dagoela. Parte hartu nahi dutenek debakrossa@hotmail.com helbidera mezua bidali beharko dute, izen-abizenak eta maila zehaztuta; bihar (apirilak 17) da horretarako azken eguna.

Jarduera 17:00etan hasiko da eta, urtero bezala, zumardian prestatutako zirkuituan egingo dute lasterka parte hartzaileek. HH5eko ikasleak izango dira lehenak, eta ondoren, adinaren arabera antolatuta, maila bakoitzeko korrikalariek euren adinari dagokion distantzia osatu beharko dute.

Lasterketa guztiak amaitutakoan, parte hartzaileek merienda jasoko dute: txokolatezko ogitarteko bat, frutadun broxeta bat eta ura banatuko dizkiete. Ez da sari banaketarik egingo, baina zozketa egingo dute parte hartzaileen artean; iragarri dutenez, adin tarte bakoitzeko opari bana zozkatuko dute.