Debako Udalak Gaztelekuko zerbitzua kontratatzeko prozedura abiarazi du. Zerbitzuaren urteko aurrekontua 147.935,07 eurokoa izango da (BEZa barne), eta kontratuak hasieran bi urteko iraupena izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Interesa dutenek Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez aurkeztu beharko dituzte proposamenak; maiatzaren 12an amaitzen da eskaintzak elektronikoki aurkezteko epea.
Proposamenak aurkezteko informazio guztia eta baldintzak plataforma horretan kontsulta daitezke. Hala ere, lizitazioan parte hartu nahi duten enpresek baldintza batzuk bete beharko dituzte nahitaez beren proposamena aurkeztu ahal izateko. Eskatzaileek, besteren artean, esperientzia izan beharko dute antzeko zerbitzuen kudeaketan, "bereziki gazteriaren eta aisialdi hezigarriaren esparruan". Horrez gain, enpresak nerabeen arretan esperientzia duten langile kualifikatuak izatea eskatzen da, eta nahitaezkoa da zerbitzua euskaraz eskaintzea. Aldi berean, Udalak genero berdintasunari eta hezkidetzari buruz ezarritako araudiak betetzea ere ezinbestekoa izango da.
12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendua
Eman beharko den zerbitzuari dagokionez, azaldu dute zerbitzuak 12 eta urte 17 urte bitarteko gazteen garapen pertsonala, soziala eta kolektiboa sustatuko diten jolas eta hezkuntza-jarduerak eskaini beharko dituela. "Jarduera horien bidez, nerabeen ongizatea eta Debako bizitzan modu aktiboan parte hartzea bultzatu nahi da, haien garapena sustatuz. Egingo diren jardueren helburua trebetasun sozialak, talde lana eta gazteen autonomia sustatzea izango da, betiere ikuspegi inklusibo eta errespetuzkoarekin".
Zehaztu dutenez, zerbitzua Gaztelekuan bertan eman beharko da, "horixe izango baita jardueren gune nagusia". Horrekin batera, Gaztelekutik kanpoko jarduera bereziak, irteera eta jarduerak eskaini beharko dira. "Enpresa esleipenduna arduratuko da jarduerak diseinatzeaz, antolatzeaz eta gauzatzeaz, betiere Debako Udalak gainbegiratuta", adierazi dute.
Zerbitzua, aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztematika programarekin lerrokatuta dago. "Programaren helburua probintziako gazteei beren hazkunde pertsonal eta soziala erraztuko dieten hezkuntza eta aisialdi aukeretarako sarbide egonkorra ematea da". Era berean, zaurgarritasun sozialeko egoeran edo babesgabetasun arriskuan dauden nerabeentzako arreta bermatuko da Nerabide izeneko programaren bidez, programak gazteei laguntza espezifikoa eskainiz.