Euskal Kostaldeko Geoparkeak gertuko sendabelarrak ezagutzeko txangoa antolatu du datorren apirilaren 26rako, igandea. Oikiako plazatik (Zumaia) 10:00etan abiatuta eta sendabelarretan aditua den Mentxu Amunategiren laguntzaz, gertuko zelaiek eta basoek gordetako "sekretuak" ezagutuko dituzte partaideek, "usadio zaharretan murgilduko gara, eta gaur egungo jendartean sendabelarrek eskainitako aukerez hitz egingo dugu, goizean zehar (hiru ordu inguruz)", zehaztu dute.
Ekimena publiko orokorrari zuzenduta dagoela azaldu dute; txangoaren ibilbidea bi kilometro ingurukoa da eta profil erraza du. Gehienez ere 25 lagunek parte har dezakete. Txangoa euskaraz eta doakoa izango da, baina aurrez izena eman behar da Internet bidez (esteka honetan) edo Zumaiako Turismo Bulegoan (943 14 33 96).