ELKARRIZKETA

Ibone Mancisidor: "Proiektuak erakusten dizu zer den benetan ingeniaritza"

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 20a

Ibone Mancisidor, taldeak iaz lortutako garaikurrarekin. Arg.: Formula Student Bizkaia

Hiru urte daramatza Ibone Mancisidor Etcheverryk Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student Bizkaia proiektuan barneratuta; Formula motako autoak diseinatu eta eraikitzen dituzte.

Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da Ibone Mancisidor (Deba, 2003), eta ikasketak Formula Student Bizkaia proiektuarekin uztartzen ditu, Bilbon. Gustura dabil beti gustuko izan duen munduan murgilduta, "benetako ingeniariek bezala lan egiten".  

Bilboko Ingeniaritza Eskolan garatzen den proiektua da Formula Student Bizkaia. Zertan datza?

Ikasturtean zehar, ikasleok Formula motako auto bat diseinatu eta hutsetik eraikitzen dugu, eta udan nazioarteko Formula Student lehiaketetara joaten gara, beste unibertsitate batzuen aurka lehiatzera. Ez dira lasterketak soilik, ingeniaritza lehiaketak dira: epaileen aurrean gure autoaren diseinua, kostua, fabrikazioa eta enpresa-eredua defendatu behar izaten dugu. Horrez gain, ibilgailuak proba dinamikoak egiten ditu eta atal guztietan lortutako puntuak batuz erabakitzen da azken sailkapena.

Auto elektrikoez ari gara?

Gure autoa elektrikoa da, monokaskoa karbono-zuntzez eginda dago, eta gurpil bakoitzean motor bat dauka, ibilgailuaren kontrola ahalik eta gehien hobetzeko. Bestalde, driverless proiektu bat ere garatzen ari gara. Kasu horretan, kart autonomo bat diseinatu dugu, eta bertan softwarea eta hardwarea lantzen ari dira. Helburua etorkizun hurbilean teknologia hori gure autoan integratzea da, ibilgailua hibrido bihurtzeko; hau da, gidariarekin edo gidaririk gabe ibiltzeko gai izango den auto bat eraikitzea. Hori izango da datozen urteetan emango dugun aurrerapauso teknologiko handienetako bat.

Noiztik duzu autoekiko zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zait ingeniaritza; batez ere, mekanikoa. Baina automobilgintzarekiko zaletasuna geroago etorri zen; konfinamendu garaian hasi nintzen lasterketak ikusten, batez ere 1 Formulakoak, eta handik aurrera gero eta gehiago interesatzen hasi zitzaidan.

1 Formulako autoan pertsona bakarra badoa ere, talde-lana ezinbesteko pieza izango da, ezta?

Bai, egia da autoan pertsona bakarra doala, baina auto hori martxan jartzea talde osoaren lanaren emaitza da. Nire ustez, bakoitzak ahal duen guztia ematea da ondo funtzionatzeko gakoa. Kontuan hartu behar da hau lan boluntarioa dela, eta, askotan, minimoarekin ez dela nahikoa... Garrantzitsua da besteekin koordinatzea, laguntzea eta talde osoak helburu bera izatea. Gainera, komunikazio ona eta konfiantza ere oso garrantzitsuak dira. Presiopean lan egiten dugu askotan, epeak estuak direlako, eta halakoetan talde sendo batek egiten du benetako diferentzia. 

Zenbat lagun zaudete lantaldean?

60 inguru izaten gara; aurten, 59. Nire hirugarren urtea da proiektuan. Lehenengo bi urteetan Chassis taldean aritu naiz, eta autoaren egitura nagusiaz arduratu gara: monokaskoa, ergonomia eta atal estrukturalak. Diseinu guztia guk egiten dugu, eta, ondoren, material konposatuekin fabrikatzen dugu; batez ere, karbono-zuntzarekin. Aurten, hirugarren urtean, Management taldean nago, zuzendaritzan. Technical manager-a naiz, arduradun teknikoa, zehazki arlo mekanikoan eta material konposatuekin lan egiten duten taldeen koordinazioan.

"Aurten helburua da berriz irabaztea, eta ahal dugun guztia egingo dugu horretarako"

Ez da erraza goi-mailan lehiatzea, baina emaitza onak lortu dituzue nazioartean azken urteotan.

Duela bi urte, Ingalaterrako lehiaketan hirugarren postua lortu genuen, eta iaz irabazi egin genuen. Oso lorpen garrantzitsuak izan dira taldearentzat: batetik, egindako lanaren emaitza delako, eta, bestetik, erakusten duelako gai garela goi-mailan lehiatzeko. Hala ere, presio pixka bat ere gehitzen du, emaitza errepikatu eta hobetu egin nahi dugulako. Aurten, helburua da berriz irabaztea, eta ahal dugun guztia egingo dugu horretarako.

Ingeniaritzarena sektore maskulinizatua izan da urte askoan, baita automobilgintzarena ere. Zer diozu?

Ingeniaritza, eta bereziki automobilgintzaren mundua, historikoki nahiko maskulinizatua egon da, bai. Baina uste dut hori aldatzen ari dela, gero eta emakume gehiago ikusten dira arlo honetan. Hori nabaria da, unibertsitatean nahiz kanpoan. Pozgarria da ikustea pixkanaka aldatzen ari dela eta gero eta aniztasun handiagoa dagoela.

"Gero eta emakume gehiago ikusten dira arlo honetan; nabaria da, unibertsitatean nahiz kanpoan"

 

Zein da zuk zeuk proiektutik atera duzun irakaspenik handiena?

Benetako ingeniariek bezala lan egiten dugu, gure gaitasunak mugara eramanez. Eskolan ikasitako teoria praktikan jartzea egiten den guztiaren zati txiki bat baino ez da. Ikasten da, adibidez, arazoak konpontzen, taldean koordinatzen, epeak kudeatzen eta erabakiak hartzen informazio guztia ez duzunean. Gainera, akatsetatik ikasten da, eta hori oso garrantzitsua da, benetako proiektuetan bezala. Azken batean, proiektuak erakusten dizu zer den benetan ingeniaritza: ez kalkuluak egitea bakarrik, baizik eta ideiak aurrera ateratzea baldintza errealetan. Pertsona bezala garatzen laguntzen digu; erantzukizuna hartzen, presiopean lan egiten eta arazoei aurre egiten ikasiz. Prestatuago gaude lan-munduan erronkei aurre egiteko.