Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko kultur egitarau zabala prestatu dute Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 21a

Debako Kontalariak eta Rafael Bravo izango dira, besteak beste, Kultur Elkartean.

Sari banaketak, ipuin kontaketak, aurkezpenak eta errezitaldiak iragarri dituzte.

Etzi izango da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta, beste urte batez, ekitaldi bereziak egingo dira Deban ospakizunaren bueltan. Egitaraua hilaren 23an bertan hasiko da, ostegunez, baina larunbat goizean ere izango dira jarduerak aukeran.

Debako Udalak bi hitzordu iragarri ditu aurten Liburuaren Egunerako: goizean, 11:30ean, ikasleei zuzendutako VI. Ilustrazio eta ipuin lehiaketaren sariak banatuko dituzte, udaletxeko osoko bilkuren aretoan; arratsaldean, berriz, Deba ehun hitzetan lehiaketari dagozkionak, Ispiluen gelan, 19:00etan.

Egun berean, baina Liburutegia Denontzat taldearen ekimenez, Alberto Bargos ipuin kontalariak Kiribil doktorea animaliak salbatzera saioa egingo du, 17:30ean, Kultur Elkartean. Eta, kontaketaren ondoren, bertaratutakoendako tailerra egingo du Kultur Elkarteko liburutegian. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, hori izango da Liburutegia Denontzat taldeak antolatzen duen azken ekintza. "Ekimen horrekin, taldeak zeukan helburua lortu genuela ospatu [liburutegiko ordutegia berbera izatea denontzat, beharrezkoa zenean karroekin sartu ahal izatea, eta 0-2 urteko umeak ere liburutegian egon ahal izatea] eta egindako ibilbidean zehar jaso dugun elkartasuna bueltan eman nahi diogu Debako herriari, ipuin kontaketa formatuan", adierazi dute taldekideek.

Proposamen hirukoitza

Bestalde, aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere literaturzaleentzako topagune bihurtuko da Debako Kultur Elkartea Liburuaren Egunaren bueltan. Oraingo honetan, ipuinak eta poesia ardatz hartuta, proposamen hirukoitza prestatu du larunbaterako, apirilaren 25erako, adin guztietako publikoa erakarri nahian.  

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Debako Kontalariek helduentzat zein haurrentzat egingo duten ipuin kontaketarekin. Ondoren, hainbat literatur sariren jabe Rafael Bravo idazle debarrak Solsticio de invierno, Teoría del epílogo eta Mañana es todavía poesia-liburuak aurkeztuko ditu. Eta, hitzordua biribiltzeko, poesia errezitaldia egingo dute Maite Lorenzok, Lourdes Dominguezek eta Marta Ugartecheak. Aurreikuspenen arabera, orotara bi ordu inguru iraungo du ekitaldiak.