Euskal Xake Federakuntzak eta Gipuzkoako Xake Federakuntzak antolatutako bi ekintza izango dira asteburuan Deban: xake azkarreko txapelketa eta epaileen prestakuntza ikastaroa.
Jakinarazi dutenez, igandean (apirilak 26), Agirre jauregian (Astillero kalea, 12) burutuko dute Xake azkarreko txapelketa. Lehiaketa 10:00etan hasiko da, eta iragarri dutenez, arbitroak zehaztuko du arratsaldeko saioaren hasiera-ordua.
Joko sistema
Joko sistemari dagokionez, guztira sei txanda jokatuko dituzte, eta partidak 15 minutuko erritmoan izango dira, mugimendu bakoitzeko 5 segundoko gehigarriarekin. Lehen hiru sailkatuek sariak jasoko dituzte; sari banaketa 13:30ean egitea aurreikusten da.
Gehienez 30 jokalarik parte hartu ahal izango dute, eta bertan aritzeko, ezinbestekoa izango da Gipuzkoako Xake Federakuntzaren lizentzia indarrean izatea. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, edukiera mugatua izango da. Hori dela eta, partidak jokatzen diren bitartean, baimendutako pertsonek bakarrik egon ahal izango dute joko eremuan.
Ikastaroa
Epaileen ikastaroa, bestalde, ostiraletik (apirilak 24) igandera (apirilak 26) egingo da, turismo bulegoaren alboan (Ifar kalea 4). Honakoa izango da ordutegia: ostiralean (apirilak 24) 16:30etik 20:30era; larunbatean (25ean) 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era; eta igandean (26an) 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Euskal Xake Federakuntzak antolatutako ekimena xake partiden eta txapelketen antolakuntzan nahiz araudian interesa duten pertsonei zuzenduta dago. Iragarri dutenez, besteak beste, honako gaiak landuko dira: jokoaren arauak, txapelketen araudia, blitz modalitatea, FIDEren arauak eta kudeaketa informatikoa (Vega, Orion eta Info64). Prestakuntza amaitzean, parte-hartzaileek txapelketetan epaile gisa aritzeko beharrezko gaitasuna eskuratuko dute.
Matrikularen prezioa 120 eurokoa da. Interesa dutenek fva@xake.net helbidera posta elektronikoa bidali beharko dute; gaur (apirilak 20) da ikastaroan izena emateko azken eguna.