Gipuzkoako Pilota Federazioak aurkeztu du jada 2026ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Joan den asteartean (apirilak 21) egin zuten ekitaldia Donostiako Kirol Etxean, eta bertan izan ziren parte hartuko duten herrietako ordezkariak zein pilotariak; tartean, Debako Euskal Jolas Kirol Elkartekoak.
Txapelketa, ofizialki, maiatzaren lehen asteburuan abiatuko da, eta pilotariak hiru modalitatetan arituko dira lurraldeko txapelaren bila: esku-pilota, larruzko paleta eta pala motza uztartuko dituen erreminta eta gomazko paleta. Parte-hartze urria dela eta, ordea, aurten ez da zesta-puntarik izango: "Bi herrik besterik ez dute izena eman eta, ondorioz, ez da txapelketarik izango espezialitate honetan".
460 pilotari
Guztira, 52 herritako 460 pilotari elkartuko ditu txapelketak; horien artean izango dira Debako Euskal Jolaseko ordezkariak ere. Debarrek, hain zuzen, larruzko paleta eta pala motza uztartuko dituen erreminta modalitatean jardungo dute.
Modalitate horretan hamar herri ariko dira lehian, eta zozketak egin ondoren zehaztuta geratu da egutegia: maiatzaren bigarren asteburuan emango diote hasiera, final-zortzirenetatik abiatuta.
Debako taldeak, aldiz, final-laurdenetan ekingo dio txapelketari, eta Lazkao izango du parez pare. Herriko taldeak etxetik kanpo hasiko du bidea, maiatzaren 22-24ko asteburuan Lazkaoko pilotalekuan jokatuko den norgehiagokan. Itzulerako partida, berriz, astebete beranduago izango da, Aldats pilotalekuan.
Finala, azkenik, ekainaren 21erako dago aurreikusita.