Errigorak bihar banatuko ditu produktuak Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 28a

Aldats pilotelakuan egingo dute banaketa, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Martxoaren erdialdean bukatu zen aurtengo Eskutik Eskura kanpainan eskaerak egiteko epea, eta datozen egunotan banatuko dituzte Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko produktuak Euskal Herriko herri eta auzoetan. Deban, bihar egingo dute banaketa, Aldats pilotalekuan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. 

Errigorako kideen esanetan, "aurtengo kanpainak argiki erakutsi digu Euskal Herrian badagoela elikadura burujabetzaren alde ekiteko prest dagoen ehun-soziala, kontsumitzailez osatua. Garbi daukana, hizkuntzak egiten gaituen bezala, kontsumitzeko erak ere egiten gaituela herri. Gure elikadura-sisteman eragin nahi duena: Euskal Herrikoa, kalitatezkoa eta ongizatea eragingo duen kontsumo baten alde egiten duena".

Esker oneko azaldu dira azken kanpainak izan duen harrera onarekin. "Eskutik Eskura kanpainaren osasuna agerikoa da: 10 eskatzailetik 8 urtero-urtero errepikatzen dutenak baitira, eta beste biak eskatzaile berriak. Kontsumo-ohitura berriak sortu eta errotzen ari gara", azpimarratu dute. Emandako datuen arabera, Deban 59 eskari egin dira Errigoraren azken kanpainan, produktuen truke 11.222 euroko ekarpena eginez herri ekimenari.