Ekiberriko judokek hiru domina eskuratu dituzte Andorrako nazioarteko txapelketan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 29a

Klubeko zazpi ordezkarik hartu zuten parte hitzorduan, eta sortu zenetik lehen aldiz lehiatu dira nazioarte mailako txapelketa batean.

Andorrako Nazioarteko 34. Judo Txapelketa jokatu da aurreko asteburuan, eta bertan izan dira Debako Ekiberri Judo Klubeko kideak; guztira, klubeko zazpi kirolarik hartu zuten parte hitzorduan. Andorrako Hantei klubak antolatutako ekimena kirol egutegiko erreferentziako hitzorduetako bat bihurtu da azken urteetan. Antolatzaileen arabera, Europako hainbat herrialdetatik (Euskal Herria, Herrialde Katalanak, Andorra, Espainia, Frantzia, Italia, Portugal eta Errumania) etorritako 750 kirolari inguruk parte hartu zuten.

Hainbat maila eta pisu kategoriatan banatuta jokatu zen lehiaketa, eta Jon Montiel klubeko arduradun eta entrenatzailearen esanetan, Debako zazpi ordezkariek emaitza “oso positiboak” lortu zituzten: guztira hiru domina (zilarrezko bat eta brontzezko bi) eta hainbat postu nabarmen eskuratuta itzuli ziren.

Hasiberrien gerrikoak

Montielek azpimarratu du Ekiberrirentzat nazioarte mailako lehen esperientzia izan dela eta, hala ere, maila handiko emaitzak lortu dituztela. “Aurkari askok esperientzia handiagoa izan arren, Ekiberrikoek lan bikaina egin dute. Gehienek hasiberrien gerrikoak dituzte; gerriko hori-txuria duen batek izan ezik, beste guztiek gerriko zuriak dituzte. Nagusi mailan, esaterako, gerriko beltzen eta urdinen aurka aritu ziren, eta hala ere, maila oso ona erakutsi zuten tatamian”, azaldu du.

Emaitzei dagokienez, Kepa Zabalak lortu zuen klubeko emaitzarik onena; benjamin mailan bigarren postua eskuratu zuen, 36 kiloz azpiko kategorian. Eneko Esnaolak eta Mitxel Garmendiak, bestalde, brontzezko domina bana lortu zuten; Esnaola kimu mailan aritu zen (45 kiloz azpiko kategorian) eta Garmendia benjamin mailan (36 kiloz azpiko kategorian).

Bestalde, haur mailan lehiatu ziren Ekain Etxaniz eta Beñat Gomez podiumeko atarian geratu ziren; bosgarren postua eskuratu zuten 46 eta 50 kiloz azpiko kategorietan, hurrenez hurren. Senior mailan, azkenik, Daud Imranek (90 kiloz azpitik) eta Mikel Redondok (66 kiloz azpitik) zortzigarren postua eskuratu zuten.