Nerea Loiolak irabazi du Peru Abarka lehiaketa

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 30a

29 idazlan aurkeztu dira sariketara, eta epaimahaiak aho batez aukeratu du idazle debarraren 'Gramo bat' lana.

Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Peru Abarka lehiaketa irabazi du Nerea Loiola Pikazak (Deba, 1985), Gramo bat lanari esker. Idazleak "feminismoaren baitan bolo-bolo ibili ohi den gai bat" izan du hizpide bere lanean, eta horri buruz aritzeko protagonistaren esperientzietan jarri du begirada. 

Epaimahaiko kideek zehaztu dute "hizkuntza zuzena eta sakona" erabili duela Loiolak: "Sinplea ustez, baina eta esanahiz betea. Kontatzeko moldean daude indarguneak gaian baino gehiago. Narratzaileak denboran jauziak egiten ditu kontakizunaren unearen arabera, eta, horretarako, aditz-denbora eta pertsona baliatzen ditu batik bat. Nabarmentzekoa da, baita, gaiari azalpen zientifikoak eta zehatzak emateko hautatu dituen pasarteak".

Guztira, 29 idazlan jaso dituzte lehiaketan eta epaimahaikideek aho batez erabaki dute Gramo bat lana saritzea.

Lisipe

Bestalde, Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren hemezortzigarren zenbakia euskaratu du Loiolak. Atzo aurkeztu zuten argitalpena, Donostian, Basatiak. Begirada libre bat hilekoari, gorputz askotarikoetatik izenburupean. Maria Reimondez idazle galiziarrak idatzitako Bárbaras, la regla contada a gente diversx liburuaren itzulpena da, eta Loiolak ekarri du euskarara. Hauxe du lehenengo itzulpen lana.

1985ean Deban jaioa, Zarautzen bizi da gaur egun idazlea. Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da eta matematikako irakaslea izan zen. 2022az geroztik, ordea, literatura du ogibide. Haurrentzako ez ezik, gazteentzako eta helduentzako ere hainbat liburu idatzi ditu azken urteotan eta aintzatespen ugari lortu ditu dagoeneko, lehenengo Raul Guerra Garrido literatur beka, kasu.

Hemen irakur daiteke BARRENAk 2024an egin zion elkarrizketa.