Herritarrek odola emateko aukera izango dute ostiralean Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 5a

Ohi bezala, arratsaldean izango da ateraldia. Aurrez txanda hartu beharko da, Internetez, telefonoz edo WhatsApp bidez mezu bat bidalita.

Ostiralean (maiatzak 8), herritarrek odola emateko aukera izango dute Deban. Osasun arloko profesionalek 16:30etik 20:30era bitartean egingo dute ateraldia, Ifar kaleko Luzaro ikastetxean. Debako Odol Emaileen Elkarteak antolatutako urteko bigarren saioa izango da, eta odol-erreserbak bermatzeko helburuarekin, baldintzak betetzen dituzten herritar guztiak bertan parte hartzera deitu dituzte herriko ordezkaritzako kideek. 

Elkartetik gogorarazi dute ez dela aparteko baldintzarik bete behar odola emateko, eta osasun langileek segurtasun neurri guztiak bermatuko dituztela. Horregatik, herritarrei “lasai hurbiltzeko” eskatu diete.

Hitzordua eskatzeko bideak

Antolakuntza lanak errazteko, aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa da. Horretarako, bi aukera daude. Alde batetik, gotatanta.eus webgunean sartuta eman ahal izango da izena; gogorarazi dutenez, bihar arte (maiatzak 6) egongo da hitzordua erreserbatzeko aukera hori zabalik. Nahiago duenak, bestela, 623 91 23 03 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita ere eska dezake txanda; osteguna (maiatzak 7) da bide hau erabiltzen dutenentzat izena emateko azken eguna.