Zuhatzako kideek jakinarazi dutenez, Sasoiko parean ipiniko dute salmenta postua. Txartelak euro baten truke eskuratu ahal izango dira eta saridunak honako produktuez osatutako saskia irabazteko aukera izango du: bi buia, txangurru bat, 400 gramo olagarro, sei nekora, 300 gramo izkira, 450 gr karrakela eta 24 otarraixka “guztiak ere egosita etorriko dira”. Produktu horiez gain, botila bat ardo zuri ere jasoko du opari irabazleak.
Orain arte egin bezala, egunean bertan iragarriko dute irabazlea; zehazki, 15:00etan egingo dute zozketa, Zuhatzaren postuan. “Zenbaki sariduna eta ordezkoa zeintzuk diren ezagutzera emateko kartelak itsatsiko ditugu herrian. Bertan telefono zenbaki bat agertuko da, eta irabazleak edo ordezkoak hara deitu edo idatzi beharko du. Bertan emango dizkiogu beharrezko jarraibide guztiak”. Gogorarazi dute 24 orduko epean jaso beharko dela saria. “Irabazlea epe horretan agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabeari emango zaio saria”.
Laguntzaile bila
Antolatzaileek jakinarazi dutenez laguntzaileak behar dituzte salmenta postuan aritzeko. Bi txanda antolatu dituzte: 12:30etik 13:45era eta 13:45etik 15:00era. Laguntzeko prest dauden herritarrei Zuhatzako koordinatzailearekin harremanetan jartzea eskatu diete, 613 92 01 73 telefono zenbakira deituta edo idatzita.