Bizitza erdia baino gehiago darama El Hadji Fallou Mbenguek (Louga, Senegal, 1987) Euskal Herrian. Gaztetan hartu zuen jaioterria uzteko erabakia: 18 urterekin iritsi zen, aitak egindako proposamenari baiezkoa emanda. Pasaian bizi izan ondoren, Deban errotu da, eta bertan bizi da, hiru anaiarekin. Gaur egun, marmoldegi batean egiten du lan, eta egunerokoan euskaraz mintzatzen da. Irekia eta gertukoa, urte hauetan askoren estimua irabazi du.
Nola eta zergatik erabaki zenuen Senegal utzi eta Euskal Herrira etortzea? Noiz izan zen hori?
Nire aita hemen bizi zen; urte asko zeramatzan bertan. Ni, berriz, 18 urte bete ondoren iritsi nintzen, 2006an.
Aita hemen izateak zer-nolako pisua izan zuen erabaki hartan?
Aitak animatu ninduen hona etortzera. Garai hartan, ikasten ari nintzen, eta galdetu zidan: "Nahi duzu nirekin Espainiara etorri lan egitera?". Egia esan, erabakia hartzea erraza izan zen. Proposamena egin zidanean ez nuen dudarik izan, nire onerako izango zela banekielako. Ni anaia nagusia naiz, eta horregatik etorri nintzen lehena. Gero, nire ondoren, beste anaia batzuk ere etorri dira; gaur egun, lau gaude hemen.
Bazenekien aurretik Euskal Herriari eta euskaldunei buruz ezer?
Aitak zerbait kontatua zidan. Esaterako, banekien beste hizkuntza bat bazegoela, eta ikasteko zaila zela. Beti esaten zidan: "Euskara oso-oso zaila da". Nik, ordea, beti esaten nion saiatzeko asmoa nuela; eta esperantza harekin hasi nintzen, handik gutxira, pixkanaka-pixkanaka euskara ikasten.
Eta Euskal Herrira iritsi zinenean, zer inpresio izan zenuen? Zerk harritu zintuen gehien?
Senegalekin alderatuta, guztiz bestelakoa da. Beste kontinente bat da, eta kultura eta bizimodua ere oso ezberdinak dira. Hala ere, ondo moldatu naiz. Erlijioari dagokionez ere alde handia dago; gu, adibidez, musulmanak gara. Klima ere oso ezberdina iruditu zitzaidan. Lehen urtean, hotzera eta hezetasunera egokitzea asko kostatu zitzaidan; aldaketa handia izan zen, eta, alde horretatik, gogorra egin zitzaidan, han giro bero eta lehorrera ohituta bainengoen. Dena den, orain, ohituta nago [Barre].
"Lehen urtean, hotzera eta hezetasunera egokitzea asko kostatu zitzaidan"
Hasieratik Deban bizi izan zara?
Ez, hasieran Pasaian egon ginen. Bost bat urte egin nituen han, eta gero Debara etorri nintzen, 2011n. Lana aurkitu nuen; horregatik etorri nintzen hona bizitzera.
Debara iritsi zinenean, nolakoa izan zen hasiera? Nola hartu zintuzten?
Egia esan, erraza egin zitzaidan. Herrira egokitzea eta jendearekin harremanetan jartzea erraza izan zen; oso jatorrak dira. Ni irekia naiz, eta horrek asko lagundu dit. 2011n etorri nintzenean, denda batean hasi nintzen lanean, eta egunero jendearekin kontaktuan nengoen. Egia esan, ordurako euskaraz ere moldatzen nintzen, eta horrek ere lagundu zuen. Gainera, hona etorri aurretik ere askotan egona nintzen; beraz, herria eta pertsona batzuk ezagunak nituen.
Eta nolatan ezagutzen zenituen herria eta herritarrak aurretik?
San Roke festetan eta halakoetan aitarekin etorrita nengoen. Aitak azoketako salerosle egiten zuen lan, eta harekin batera herririk herri aritu nintzen bizpahiru urtez.
Denbora dezente daramazu Deban. Zer duzu gogokoen herritik?
Itsasoa eta hondartza gertu izatea asko gustatzen zait. Senegalen, barnealdeko hiri batean bizi ginen, eta kostara joateko 40 kilometro inguru egin behar izaten genituen. Nire jaioterrian, gainera, ez dago mendirik; dena nahiko laua da. Hemen, mendiz inguratuta bizitzea eta ingurua hain berde ikustea zoragarria da. Deban, egia esan, horrela bizitzea beste kontu bat da.
Bestalde, hemengo bizimodutik zer nabarmenduko zenuke?
Gauza asko, baina, batez ere, laneko errutina. Hemen aukera gehiago dago, baldintzak hobeak dira, eta, horregatik, jende asko etorri da lan bila. Kalean eta tabernetan jendea ikustea ere gustatzen zait; han, berriz, bizimodua, gehienbat, etxe barruan egiten dugu. Eta, jakina, jendea oso jatorra da; ni, behintzat, oso ondo konpontzen naiz.
Dena den, hango zerbait ere igarriko duzu faltan, ezta? Itzultzeko aukera asko izan dituzu?
Bai, noski! Familia, lagunak... beti igartzen dira faltan. Hala ere, ahal dudanean itzultzen naiz; urtero hilabete bat pasatzen dut han. Urrun dago, baina ez dirudien besteko urrun: Madrildik lau ordu ingurura dago hegazkinez.
Oso ondo moldatzen zara euskaraz. Nolakoa izan da zure ibilbidea?
Etorri eta gutxira, gaztelania eta euskara ikasten hasi nintzen, gau eskolan, HHEn (EPA). Aurretik, azokan ere entzuten nituen zenbait hitz, eta horiek erabiltzen hasita nengoen. Merke-merke eta antzekoak.
"Senegalen ere oso gustura bizi nintzen, baina hemen ere bai; Deba nire etxea bezalakoa da"
Eta noiz sentitu zenuen benetan euskaraz moldatzen zinela?
Lehen urtean oinarrizko gaztelania zertxobait menderatzea lortu nuen, eta bigarren ikasturtean euskaraz ere nahiko ondo moldatzen nintzen, konfiantzarekin. Zaila izan arren, azkar ikasi nuen. Beraz, zera azpimarratu nahi nuke: zaila dela, baina posible dela ikastea. Hori bai, esan beharra daukat 20 urteren ondoren oraindik ez naizela guztiz moldatzen! Baina, tira, oinarrizko elkarrizketak egiteko gai naiz, eta beti ikasten da zerbait.
Zer izan zen zailena?
Ezagutzen ditudan beste hizkuntzekin alderatuta, oso desberdina da. Woloferarekin, nire ama-hizkuntzarekin, esaterako, ez du zerikusirik.
Zure ustez, euskara jakiteak ateak ireki dizkizu?
Bai, jakina. Lana bilatzeko, jendea ezagutzeko… denerako oso lagungarria izan da. Euskararik gabe, ziurrenik, jende gutxiagok ezagutuko ninduke.
Hainbeste urteren ondoren, non sentitzen zara etxean?
Senegalen oso gustura bizi nintzen, baita hemen ere. Deba nire etxea bezalakoa da; anaiak eta neu oso gustura gaude.
Etorkizunera begira, hemen ikusten duzu zeure burua?
Momentuz, bai. Hemen jarraituko dut, nahiz eta Senegalera joan-etorriak egiten jarraitu. Orain, hemen dago nire etxea, eta anaiak ere hemen bizi dira.
Atzera begiratuta, Euskal Herrira etortzea erabaki zuzena izan dela uste duzu? Zergatik?
Bai, erabat; ez naiz batere damutzen. Lehen aipatu dudan moduan, aitak proposatu zidan etortzea, eta, horri esker, harekin momentu asko partekatu ditut. Egia esan, aita ez ezik, niretzat laguna ere izan da, lagunik onena. Eta hemen elkarrekin eman ditugun urteetan asko ikasi dut harengandik. Oso harro nago aitaz.