Debako Udaleko hainbat langilek bat egin dute gaurko greba deialdiarekin

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko maiatzaren 14a

Debako Udaleko hainbat langilek bat egin dute gaur ELA eta LAB sindikatuek deitutako greba egunarekin, eta Donostian egin den manifestazioan parte hartu dute. EAEko udal sektorean lan baldintzak hobetzea eta Udalhitz hitzarmena berritzea eskatu dute mobilizazioan.

Milaka langile bildu dira Gasteizen, Bilbon eta Donostian egin diren manifestazioetan. Sindikatuek nabarmendu dutenez, mobilizazioek jarraipen handia izan dute, eta balorazio “oso positiboa” egin dute gaurko jardunaldiaren inguruan.

ELAk eta LABek salatu dute EAEko udaletan urteak daramatzatela lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Horren ondorioz, udal langileen egoera “etengabe okertzen” ari dela adierazi dute. Sindikatuen esanetan, udal gobernuetan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek Madriletik ezarritako enplegu eta soldatei lotutako neurri “prekarizatzaileak” onartu dituzte.

Argazkia: LAB sindikatua

Halaber, gogorarazi dute Udalhitz hitzarmena 16 urte daramala berritu gabe. Hitzarmena eguneratzeko irekitako negoziazio mahaian eduki garrantzitsu asko falta direla salatu dute, eta urtebete baino gehiagoz negoziatzen aritu ondoren ez dutela “behar besteko aurrerapenik” ikusten Eudelen eta alderdi politikoen proposamenetan.

Egoera horren aurrean, LABek eta ELAk greba eta mobilizazio dinamika abiatu zuten apirilean. Apirilaren 23an bi orduko lanuzteak egin zituzten, eta gaurko maiatzaren 14ko greba egun osokoa izan da.

Sindikatuek ohartarazi dute maiatzaren 29an egingo den hurrengo negoziazio mahaian aurrerapausorik ez bada ematen, sektoreak berriz ere grebara joko duela ekainaren 4an.