Udako loreei buruzko ikastaroa antolatu du Arbil Elkarte Sozialak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 19a

Abenduan egindako Gaboneko loreei buruzko tailerra. ARBIL ELKARTE SOZIALA

Ostegunean (maiatzak 21), 15:00etatik 17:00etara, udako loreei buruzko ikastaroa eskainiko du Pedro Burgaña lorezain mutrikuarrak. Saioa doakoa izango da.

Arbil Elkarte Sozialak bestelako ikastaro bat antolatu du ostegunerako (maiatzak 21). Oraingo honetan, udako loreei eta garai honetan balkoietan nahiz etxe barruan jartzen diren landareei buruzko ikastaroa izango da. Ikastaroa Jartxa loradendako Pedro Burgaña mutrikuarrak emango du, eta interesa duten herritar guztiak bertaratzera gonbidatu dituzte.

Arbileko ordezkariek gogora ekarri dute iaz Gabonetako loreei buruzko antzeko jarduera egin zutela Burgañarekin batera, eta harrera bikaina izan zuela. “Aurreko saioa polita izan zen. Pedrok berak ekarri zituen landare guztiak dendatik eta oso interesgarria izan zen; asko ikasi genuen”, nabarmendu dute. Esperientzia on haren arrakasta ikusita, aurten ekimena berriz egitearen alde egin dute, baina oraingoan uda sasoiko lore eta landareei eskainita.

Opari eta guzti

Ikastaroari dagokionez, Burgañak udako landareak eta loreak egoera onean mantentzeko aholku praktikoak partekatuko ditu ostegunean (maiatzak 21) elkartearen egoitzan egingo duten saioan. Jardunaldiak bi ordu iraungo du —15:00etatik 17:00etara—, eta tarte horretan landareak osasuntsu edukitzeko kontuan izan beharreko hainbat xehetasun jorratuko dituzte.

Saioa doakoa izango da, eta ez da aurrez izena eman beharko parte hartzeko. “Gainera, amaieran bertaratzen direnei landare bana oparituko diegu”, erantsi dute.