ELKARRIZKETA

Gaizka Ayastuy: "Guk ondo pasatzea eta hori transmititzea da helburua"

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 19a

Gaizka Ayastuy (Deba, 1972), diskoa esku batean eta tronboia bestean.

Peppermint Sextet taldeak bere lehen lan luzea kaleratu du, 'Bixi Bixi zuzenean'; euren estiloa "euskal latin jazz ska project" gisa definitzen dute.

Seikotea izan zitekeen, baina bederatzi kide dira Peppermint Sextet taldean: Maialen Lopez –ahotsa–, Eider Ormazabal –ahotsa eta xekerea–, Izaskun Gonzalez –tronpeta–, Ixak Oiartzabal –saxofoia, zeharkako flauta eta alboka–, Ion Pombar –teklatua–, Gabi Hernandez –gitarra–, Genis Muñoz –kontrabaxua eta ahotsa–, Asier Llordes –perkusio latinoa– eta Gaizka Ayastuy debarra –tronboia–. Azken horrekin batu da BARRENA, plazaratu berri duten diskoa aitzakia hartuta.     

Aurretik bi EP kaleratu ditu taldeak, eta lan luzea iritsi da orain. Nolatan zuzeneko diskoa?

Egiten duguna aurkezteko zerbait edukitzea zen helburua; behar den bezalako grabaketaren bat izatea, nonbaiten jo nahi dugunean, adibidez, geure burua aurkeztu ahal izateko. Eta bideoa ere izan nahi genuen, taldea zuzenekoan ikusteko, eszenatokian hainbeste kide mugitzen ikustea ere ezberdina baita. Hasieran, hiruzpalau abesti grabatzea pentsatu genuen, baina Pasai Donibaneko Bixi Bixi elkartearen Kultur Aterpean emandako kontzertua nahiko kurioso irten zen, teknikariak ere esan zigun diskoa ateratzeko bezala zegoela, merezi zuela, eta, azkenean, horrela egin genuen.  

Eta zer dakar, azkenean, diskoak?

Hamabi abesti daude bertan, denak bertsioak, baina oso-oso ezberdinak: skatik hasi, kanta herrikoietatik segi, musika afrikarra, cumbiaren bat ere badago tartean, jazz estandar batzuk...  

Horregatik definitu duzue estiloa "euskal latin jazz ska project" gisa?

Gauza ezberdinak jotzen ditugu, eta nik uste dut horrek egiten gaituela ezberdin. Norbait gure kontzertua ikustera etortzen bada, zuzenekoan ere estilo ezberdin asko entzungo ditu.

Hamaika emanaldi egin dituzue, eta datozen hilabeteotako agenda nahiko betea duzue, ezta? Diskoa aurkezten zabiltzate kontzertuetan?

Diskoko kantak jotzen ditugu, baina beste zenbait ere bai; kontzertuetan 17-18 abestirekin ibiltzen gara, lekuaren arabera. Eta, bai, hainbat emanaldi lotu ditugu: maiatzean Lasarten eta Tolosan, ekainean Oiartzunen, Villabonan, Deban –27an– eta Altzibarren; uztailean Lizarrako kanpinean eta Oreretako jaietan; abuztuan Donostiako festetan... 

"Gauza ezberdinak jotzen ditugu, eta nik uste dut horrek egiten gaituela ezberdin"

 

Iaz giro ederra izan zen Kultur Elkartean eman zenuten kontzertuan. Publikoarekin konektatzea izaten al da helburua?

Nire ustez, guk ondo pasatzea eta hori transmititzea da helburua. Badaude bi edo hiru abesti oso bereziak direnak, eta saiatzen gara horiek jotzen, ikusleek parte har dezaten. Eta kontzertu hasierak ere ezberdin samarrak izaten dira; kalean hasten gara jotzen, eta ohikoa izaten da kalejiran bezala sartzea.

Peppermint Sextetek duela hiruzpalau urte hasi zuen ibilbidea. Zu noiz batu zinen proiektura? Gustura al zabiltza?

Orain dela urte bat eta hiru bat hilabete hasi nintzen, gutxi gorabehera. Eta oso pozik, bai; talde-giro oso ona daukagu.

Ezin ahaztu, Gaizka, Debako Musika Bandan egin zenuen ibilbidea. Hura utzi, "erretiroa hartu", nolabait, eta beste saltsa honetan sartu zara... 

Bueno, jadanik kide ohia naiz, baina nik oraindik ere esaten dut Debako Musika Bandakoa naizela. Kontua da Deban hasi nintzela brigadan lanean, eta banda irteten den bakoitzean guk lana topera izaten dugu. Gainera, urte asko neramatzan bandan, semeekin ere denbora dezente egiten genuen eta... Ikusten nuen ezingo niola hainbeste eskaini bandari, ordu asko eskatzen dituelako, eta, momentuz, laga egin nuen. Garbi neukana zen tronboia jo nahi nuela, horrekin jarraitu nahi nuela, eta Josu Salegirekin hasi nintzen eskolak hartzen; beste mundu bat, beste hizkuntza bat ikusten, inprobisazioa lantzen… Beste zerbait ikasteko gogoa neukan, eta oso gustura nabil. 

"Jadanik kide ohia naiz, baina nik oraindik ere esaten dut Debako Musika Bandakoa naizela"

 

Bandako kide zarela esaten duzu eta herrian ere bandarekin erlazionatzen zaituzte askok oraindik ere... Zenbat urtez aritu zinen taldean?

36 urte egin nituen bandan. Gainera, oso ondo gogoratzen dut nola hasi ginen, oso istorio polita izan zelako, eta oroitzapen politak dauzkat. 10-11 urte geneuzkan eta Fefek [Urain] bere ganbaran instrumentu pila bat zeuzkan, bere birraitona eta... bandakoak izan zirelako. Ez dakit nola izan zen, egia esan, udaletxean zeuden musika tresna batzuk botatzera zihoazen edo, eta haietako batzuk hartu eta ganbaran gorde zituzten. Eta tira... "Goazen jotzera!", esaten zuten. Eta horrela izan zen. Kuadrillan joaten ginen ganbarara instrumentuak jotzera, bakoitzak tokatzen zitzaiona jotzen zuen, eta bere ama ibiltzen zen gu zuzentzen, notak ikusten eta abar. Garai hartan, gu horretan genbiltzala, izan zen bandaren hasiera ere. Deialdi bat egin zuten, taldera kide gazteak eta neska-mutilak sartzea nahi zutela esanez, eta guk izena eman genuen. "Zuk zer joko duzu?", galdetzen zuten. Ba tori, eta niri tronboi bat eman zidaten —barreak. Pistoi-tronboi batekin hasi nintzen, 12 urterekin.

Banda batetik, talde handi batetik, Peppermint Sextetera. Alde handia al dago?

Harremanen kontuari dagokionez, agian: taldean 8-9 lagun izanda, harremanak pixka bat estuagoak dira, eta, gainera, adin berdin samarrekoak gara guztiak... Baina, funtzionatzeko eran, nik uste dut, azken finean, konpromiso handia dela edozein taldetan egotea. Pertsona batek erakutsi zidan, eta nik beti esan izan dut gauza ona dela galdera bat egitea norbere buruari lantaldean zaudenean; berdin du zer arlotan: Norberak egiten duena denok egiten badugu, funtzionatzen du? Edo funtzionatuko luke egiten dugunak? Galdera hori norbere buruari egitea ondo dagoela uste dut. Entseguetara joan egin behar da, eta, konpromiso bat hartuz gero, ahalegina egin behar da. Eta ahalegina eginez gero eta jarrera ona izanda, gauza horrek aurrera egin dezake.

36 urte bandan, orain ere aktibo, ikasten... Musikarik edo tronboirik gabeko bizitzarik irudikatzen al duzu?

Gaur egun ez, behintzat. Horregatik esan dizut oraindik bandako kide sentitzen naizela; niri Debako Musika Bandak asko eman dit. 12 urterekin sartu nintzen musikaren mundu honetan, ez dakit ondo nola, familiatik ez zetorkidan-eta niri hau dena, eta oso polita izan da. Banda utzi nuen, baina ez tronboia, eta, oraingoz, ba... jarraitzeko prest.