'El juego de las golondrinas' komikia izango dute hizpide Debako Irakurle Klubaren biharko saioan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 25a

Ostolaza Udal Liburutegiko Irakurketa Klubeko partaideak 19:00etan elkartuko dira. Ainhoa Aldazabalek gidatuko du solasaldia, gaztelaniaz.

Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak bihar (maiatzak 26) egingo du hil honetako saioa. Arduradunek jakinarazi dutenez, bertaratzen diren irakurleek Zeina Abirached komikigile eta ilustratzaile franko-libiarraren El juego de las golondrinas komikia izango dute hizpide. Saioa Ainhoa Aldazabalek gidatuko du, eta liburutegian bertan egingo da, 19:00etan hasita. Solasaldia gazteleraz izango da.

Antolatzaileen esanetan, saioaren helburu nagusia literatura eta gizarte-kontzientzia uztartzea da. Horretarako, komikia abiapuntu hartuta, gerraren ondorioez eta indarkeriaz hausnartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Lanak, hain zuzen, Libiako gizarte-errealitateak eta gerra giroak emakumeen zein haurren bizitzetan izan duen eragina jorratzen ditu.

Haurren begiradatik kontatua, komikiak gerraren eta indarkeriaren ondorioak erakusten ditu, eta enaren irudia askatasunaren eta bizitzaren ikur gisa jartzen du. Era berean, lanak ikuspegi berria eskaintzen dio irakurleari gerraren eta haurtzaroaren arteko errealitatea ulertzeko.

Ohiko  moduan, saioa 19:00etatik 20:30era bitartean izango da da. Solasaldia irekia eta doakoa izango dela gogorarazi dute, eta landuko den lanari buruzko iritziak eta ikuspegiak partekatu nahi dituzten guztiak gonbidatu dituzte. Literatura, pentsamendu kritikoa eta hausnarketa interesatzen zaien guztiei zuzendutako hitzordua izango dela nabarmendu dute.

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena udal liburutegian bertan, 943 19 25 60 edo 697 44 40 47 telefono zenbakietara deituta, edo ostolaza@deba.eus helbidera idatzita. Antolatzaileek gogorarazi dute landuko den liburua norberak eraman beharko duela.