Amaikak-Bat txirrindulari elkarteak aitorpen bero eta hunkigarria egin zien aurreko larunbatean (maiatzak 23) Angel Egaña Txapasta-ri, Enrike Gili eta Alex Ugalderi. Kirol elkarteak mende erdi baino gehiagoz udalerrian txirrindularitza bultzatu, babestu eta sustatzeagatik omendu zituen hirurak, Gipuzkoako Emakumeen Biraren bigarren etapa amaitu ostean egindako sari banaketaren baitan.
Foruen plazan elkartuta zeuden zaleen txalo artean, txapela ipini zieten hirurei. Oholtzara igotzen lehenengoa Txapasta izan zen, eta Maider Aizpurua Amaikak-Bat txirrindulari elkarteko kideak ipini zion txapela. Ondoren, Alex Ugalderen txanda iritsi zen; hari, Eneko Ugalde semeak jantzi zion txapela. Azkenik, Gil izan zen omendua; Endika Ruiz bilobak jantzi zion oroigarria.
Hiru omenduek hunkituta jaso zuten herrikideen eta, bereziki, elkarteko kideen aitortza. Herriko txirrindulari elkarteko ordezkariek azpimarratu dutenez, hirurak urte luzez aritu dira elkartearen baitan lanean, eta denbora tarte horretan guztian, borondatezko lan nekaezina egin dute kirolarekiko zaletasuna sustatzen eta herrian egin diren txirrindulari proben antolakuntzan laguntzen. “Gaurko egunean omentzeko arrazoia, hain zuzen ere, junior mailako lasterketa antolatzen hasi zirenetik 50 urte betetzen direlako da. Ondoren etorri ziren gainerako proba guztiak”, erantsi du.