Abian da San Roke festak iragartzeko kartel lehiaketa

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 26a

Lanak aurkezteko epea ekainaren 26an amaituko da. Kartel irabazlea herritarrek aukeratu ahal izango dute, bozketa bidez, eta egileak 500 euroko saria jasoko du.

San Roke jaiak prestatzeko lanak abian daudela jakinarazi du Debako Udalak eta horren erakusgarri da kartel lehiaketaren deialdia, festak iragartzeko irudia hautatzeko helburuarekin. Parte hartu nahi duen edonork aurkeztu ahal izango du bere lana, jaietako irudi ofiziala izan dadin.

Kartelak bi formatutan aurkeztu beharko dira: alde batetik, formatu bertikaleko euskarri fisikoan (50x70 cm), eta originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira; bestetik, euskarri digitalean, pendrive batean eta gutxienez 300 ppp-ko bereizmenean. Gainera, nahitaez jaso beharko dute honako testua: “San Roke 2026 - Deba, abuztuak 14-18”, eta Debako Udalaren logoa ere txertatu beharko da.

Lanak aurkezteko epea ekainaren 26an amaituko da, 14:00etan; Debako udaletxeko harreran (Portu kalea 1) utzi beharko dira, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara. Lan bakoitza euskarri gogorrean eta babestuta aurkeztu beharko da, kanpoaldean lelo batekin identifikatuta. Era berean, lelo berarekin markatutako gutunazal itxi batean egilearen izen-abizenak, posta elektronikoa eta telefono zenbakia aurkeztu beharko dira.

Kartel irabazlea herri-bozketa bidez aukeratuko da aurten ere. Aurrez, ordea, kultur sailak izendatutako epaimahaiak lanen lehen hautaketa bat egingo du eta irudi horiek izango dira azken bozketa fasera pasako direnak. Azaldu dutenez, "epaimahaiak genero-oreka eta aniztasun errespetuzkoa islatzen duten lanak lehenetsiko ditu eta baztertzaileak edo estereotipo tradizionalak dituztenak kanpo utziko dira. Gainera, erabilitako baliabide linguistikoek euskaraz izan beharko dute, ezingo da AA erabili eta ez dira onartuko identifika daitezkeen pertsona errealen argazki edo irudiak".

Epaimahaiak hautatutako lanak udaletxeko osoko bilkuren aretoan jarriko dituzte ikusgai eta herritarrek bertan emandako botoen bidez hautatuko dute irabazlea.

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du, eta bere lana aurtengo San Roke jaien irudi gisa erabiliko dute. Saritu gabeko lanak, berriz, abuztuaren 3tik 7ra bitartean jaso ahal izango dira, aurkeztu diren leku berean.

Informazio gehiagorako, deitu 943 192 840 telefonora edo idatzi kultura@deba.eus helbidera.