Senzala Euskadi taldearen ekimenez, Capoeiraren Nazioarteko Topaketak egin dituzte beste urte batez Deban. Aurreko asteburuan burututako jarduerek harrera beroa izan dute antolatzaileen esanetan, eta balorazio oso positiboa egin dute. Parte-hartzaileek esperientzia oso gustura bizi izan dutela nabarmendu dute, hainbesteraino, “askok datorren urteko edizioaren datak zeintzuk izango diren galdetu dutela jada”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurreko urteekin alderatuta, aurten parte-hartzea zertxobait apalagoa izan da, batez ere bidaia-gastuen igoerak —hegaldi eta gasolina prezioen garestitzeak— eraginda. Hala ere, topaketek nazioarteko izaerari eutsi diote, eta 70 lagun inguru elkartu dira Deban; besteak beste, Ingalaterra, Frantzia, Malta, Italia, Brasil eta Espainiako hainbat lekutatik etorritakoak.
Egitarauari dagokionez, batukada, zuzeneko kontzertuak eta bestelako jarduerak arrakastaz gauzatu direla esan dute. Etorkizunera begira, antolatzaileek aurreratu dute dantza afrikarren eskaintza indartu nahi dutela. Jende asko animatu zela ikusita, Garazi Pascual artista lasturtarraren eskolak abian jartzeko asmoa dute, diziplina horri jarraipena emateko.