Hondartzan arduraz jokatzeko eskatu du Debako Udalak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 27a

Surflariek azken egunotan egin dituzten erreskateen harira, Udalak gogorarazi du sorospen zerbitzua ekainaren 13an jarriko dutela martxan Deban, hondartza denboraldiarekin batera. Ordura arte, beraz, kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei.

Hondartza denboraldia hasteko egun gutxi batzuk geratzen dira oraindik, baina herritarrak zein bisitariak hasi dira dagoeneko hondartzaz gozatzen. Asteburuan, adibidez, gainezka zeuden euskal kostaldeko hondartzak, tartean Debako Santiago eta Lapari, eta aste barruan ere jende ugarik egin du hondartzaren aldeko hautua, egun eguzkitsuak eta tenperatura altuak izan dira eta.

Nolanahi ere, hondartza denboraldia ez da oraindik ofizialki hasi eta, beraz, ez dago soroslerik hondartzetan. Deban, ekainaren 13an jarriko dute martxan sorospen eta zaintza zerbitzua, udako hondartza denboraldia hasiko den egun berean, hain justu. Horiek horrela, ordura arte kontuz ibiltzeko eta arduraz jokatzeko deia egin die Udalak herritarrei. Izan ere, hondartza batzuetan arazoak izan dira azken egunotan, herritar batzuk itsasotik ezin irtenda geratzen direlako, eta kasu batzuetan surflariak ari dira sorosle lanak eta erreskateak egiten.