Arbil Elkarte Sozialak antolatutako hitzaldi zikloaren barruan, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko (SSIFF) zuzendaria izango da biharko (maiatzak 28) gonbidatua. Hitzordua 11:00etan izango da Kultur Elkartean, Gaur egungo zinema: kopurua, aniztasuna eta kalitatea izenburupean.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, gonbidatuak ibilbide profesional luze eta oparoa du zinemagintzari lotuta. 2011n hartu zuen Donostiako Zinemaldiko gidaritza; aurretik, ordea, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astearen zein Giza Eskubideen Zinemaldiaren zuzendaria ere izan zen. "Ez da soilik kultura-kudeatzailea: zinema maite duen pertsona da, eta Donostia mundu mailako erreferentziazko jaialdietako bat bihurtu du", nabarmendu dute Arbileko kideek.
Biharko hitzaldiak ordubete inguruko iraupena izan du eta, bertan, gaur egungo zinemaren panoramari buruzko gogoeta egingo du zinemazale ezagunak. Beste hainbat gairen artean, plataformen gorakadak ikus-entzunezkoen kontsumoan izan duen eragina, zinema-aretoen egoera, blockbuster edo superprodukzioen presentzia geroz eta handiagoa, eta egile-zinema laburrak zein tokiko ekoizpenek nazioarteko merkatuan duten lekua izango ditu hizpide.
Zinema bizirik mantentzen duen herria
Solasaldia, gainera, testuinguru berezian egingo dutela aurreratu dute Arbileko kideek. Izan ere, Debak gaur egun ez du zinema-areto finkorik; hala eta guztiz ere, "Deban zinema herri gutxitan bezala bizi" dela adierazi dute. "Hemen zinema ez da negozio bat: bokazioa, partekatutako pasioa eta kultura bizia da", erantsi dute.
Eta horren erakusgarri, bi egitasmo nabarmendu nahi izan dituzte. Batetik, Animadeba animaziozko nazioarteko zinema jaialdia ekarri dute gogora. "Aitor Oñederraren zuzendaritza artistikoaren pean, Animadeba erakundeak urte daramatza Deba nazioarteko animazio zinemaren mapan kokatzen. Jaialdi hau arte honi dion maitasun hutsagatik jaiotzen da, aurrekontu handirik gabe, baina ikuspegi artistiko sendo batekin, eta horri esker gure herrira mundu mailako maila gorena duten lanak egia egileak ekarri ditu. Horrelako zerbait Deban gertatzea harrotasun iturri bat da guztiontzat".
Bestalde, igandero Debadezine Zine Klub Elkartearen ekimenez Kultur Elkartean egiten diren zinema proiekzioak ere harrera bikaina dutela azaldu dute. Astebururo 100 laguneko edukiera betetzen da, eta askotan emanaldiak errepikatu behar izan dituzte ikusle guztiei lekua egiteko. "Igandero, boluntario talde batek egiten du posible Deban zinema izatea. Hainbeste jende elkartzea ez da edonon gertatzen. Hori gertatzen da Deban badirelako kulturan sinesten duten eta hori posible egiteko lanean ari diren boluntarioak daudelako. Ia doan, arretaz eta dedikazioz, filmak proiektatzen dituzte Kultur Elkartean".