Debako Udalak jakinarazi du astelehenean, ekainaren 1ean, emango zaiela hasiera desobiratze-lanei, Amillagako hilerrian lurperatutako gorpuzkiak Artzabalgo hilerrira eramateko helburuarekin. Aurreikuspenen arabera, lanek lau bat hilabeteko iraupena izango dute.
Nolanahi ere, desobiratze eta lekualdatze prozesu osoaren lehenengo fasea baino ez da izango. Izan ere, Amillagan lurperatutako gorpuzki batzuk —zazpi orotara— bertan mantendu behar dituzte 2027ko urtarrilaren 31ra arte; legediaren arabera, hain zuzen, gorpu bat hobitik atera edo desobiratu ahal izateko, hura lurperatu zutenetik gutxienez bost urte igaro behar direlako. Bada, zazpi gorpuzki horiek kaperaren eraikinaren ondoko espazio itxi batean gordeko dituzte eta senitartekoak haiengana iristeko sarbide bat jarriko dute. Eta, hori ahalbidetzeko, 75 gorpuzki lekualdatuko dituzte. "Itxitura egin ostean, Osasun Sailak hilerria ixteko eta gainerako gorpuzkiak ateratzeko baimena emango du", azaldu du Alazne Txurruka alkateak, gaur goizean egindako agerraldian.
Modu mailakatuan egingo dituzte desobiratzeak: kapera barruan dauden gorpuzkiekin hasiko dira; ondoren, lurrean lurperatuta daudenak desobiratuko dituzte, eta, azkenik, panteoiak hustuko dituzte. Errautsak Artzabalera eramango dituzte gero, eta hilerri berriak egun Amillagan dauden hiru panteoi ere hartuko ditu —monumentu gisa sailkatuta daude hirurak, duten balio artistikoagatik—.
"Arduraz eta gertutasunez"
Alkateak azpimarratu bezala, "hasieratik familiekin elkarlanean eta gertutasunez" landutako prozesua izan da: "Udalarentzat prozesu garrantzitsua da hau eta badakigu esanahi berezia duela familia askorentzat ere. Horregatik, hasieratik argi izan dugu prozesu osoa errespetuz, arduraz eta gertutasunez kudeatu behar genuela".
Desobiratze eta lekualdatze lan guztiak "arreta eta ardura handienarekin" egingo direla ziurtatu du, "indarrean dauden araudi guztiak betez eta gorpuzkiei une oro tratu duina bermatuz".