Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren seinalatu hori ospatzeko egitarau berezia prestatu du, surfa ardatz hartuta. Elkarteko kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte antolatutako ekimenetan parte hartzera. Azpimarratu dutenez, "familian edo kuadrillan" gozatzeko moduko programa osatu dute, giro ona eta parte-hartzea sustatzeko asmoz.
Urteurreneko ospakizun nagusia bihar (maiatzak 30) izango da; adin guztietako herritarrentzako egun osoko festa prestatu dute. Eguraldiak laguntzen badu, jarduera guztiak Santiago hondartzaren inguruan egingo dira; bestela, Aldats pilotalekura lekualdatuko dituzte.
Lehen hitzordua 09:00etan hasiko da, Tag Team txapelketa herrikoi eta bereziarekin. Ekintzan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko dela gogorarazi dute; Zurrunbiloren lokalean jarri dituzte zerrendak. Ohiko surf lehiaketatik harago, taldeka jokatuko den saioa izango da, eta antolatzaileek nabarmendu dute lehia baino gehiago parte-hartzea eta giro ona sustatu nahi dituztela. Jardunak eguerdi aldera arte iraungo du, eta parte-hartzaileek luntxa izango dute Itxas Gain tabernan, indarrak berritzeko; pintxo eta trago bana emango die, doan, antolakuntzak.
Ander Tolosaren erakusketa
Goizeko jardunari jarraipena emanez, 10:00etan hasita, Ander Tolosak urteurrenerako prestatutako surf erakusketa berezia izango da ikusgai Itxas Gain pareko aparkalekuan, eta bertan, elkartearen material berria eskuratzeko aukera ere izango dela iragarri dute –kamisetak, poltsak eta biserak–. Horrez gain, Iparrek utzitako arranpekin skate zirkuitu antzerako bat jarriko dute Itxas Gain alboan edo Miramarko plazatxoan; nahi duen guztiak skatearekin duen trebezia erakutsi ahal izango du bertan.
13:30ean, Jazztabien taldearen kontzertuak girotuko du hondartza ingurua. Ondoren, 15:00etan, bazkideen bazkaria egingo dute, Ondargain tabernan; aurreikuspenen arabera, 80 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan. Gogorarazi dute ekimena bazkideentzat soilik dela, eta bazkarirako txartelak aldez aurretik eskuratu beharko direla, antolakuntzarekin harremanetan jarrita.
Cardenas pasealekuan
Arratsaldean, festa Cardenas pasealekura eta Ondargain tabernaren inguruetara lekualdatuko da. 17:00etan hasita, Itsaszaintza sarearen eta Gaztelekuaren eskutik tailerrak emango dituzte haur eta gaztetxoentzat. Oreka tailerra ere egingo dute, eta aurtengo berritasun nagusietako batean parte hartzeko aukera ere izango da: surf taula mekanikoan, hain zuzen. Bertaratzen diren guztiek izango dute olatu gainean mantentzeko erronkan parte hartzeko aukera librea.
Iluntzean, zuzeneko musikak hartuko du protagonismoa: 19:30ean, Debrass Band taldeak girotuko ditu bazterrak; eta 21:00etan, Betty Larry’s taldearen kontzertuarekin amaituko da eguna.
Ikastaro berezia
Urteurreneko egitarauak beste hitzordu bat ere izango du aukeran: gaur (maiatzak 29), Eskola Kiroleko surf ikastaro berezia egingo dute herriko gazteentzat.