Asteburu erabakigarria dute aurretik Amaika-Bateko emakumezkoen nagusi mailako lehen taldeak eta kadete mailako taldeak. Bi taldeek denboraldi bikaina osatu dute, eta igoera fasean azken txanpan murgilduta, neurketa erabakigarriak izango dituzte datozen egunetan. Horregatik, klubetik indarrak batu eta harmailak zalez betetzeko eskaria luzatu dute, jokalariei babesa eta animoak adierazteko helburuarekin.
Lehen hitzordua nagusi mailako emakumezkoen taldeak izango du. Bihar (maiatzak 30) 17:30ean jokatuko du Gorengo mailarako igoera faseko azken norgehiagoka Errotarren, eta ezinbestekoa du hiru puntuak poltsikoratzea helburua lortu nahi badu. "Partida irabaziz gero, zuzenean mailaz igoko litzateke taldea", zehaztu du Egoitz Konde klubeko presidenteak.
Aurkaria ez da nolanahikoa izango: Itxaurdi B talde donostiarra. Une honetan, debarrak laugarren postuan daude eta donostiarrak hirugarren, 22 punturekin berdinduta. Horrenbestez, jokoan egongo diren hiru puntuak eskuratzea ezinbestekoa izango da mailaz igotzeko aukerari eusteko.
Aukera askorekin
Kadeteen lehen mailako emakumeen taldea ere nagusien taldearen egoera antzekoan dago. Etzi (maiatzak 31), 10:30ean, Antigua Luberriren aurka neurtuko dituzte indarrak Donostiako Berio zelaian. Etxetik kanpo jokatuko duten arren, taldeko ordezkariek zaleen presentzia eta babesa eskatu dituzte, une erabakigarri honetan jokalariek berotasuna senti dezaten.
Kadeteak igoera fasearen azken txanpan murgilduta daude. Beraz, txapelketa amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, asteburuko emaitzek pisu handia izango dute sailkapenean. Klubetik azaldu duenez, "asteburuko partida irabazi eta Martutenek huts egingo balu, taldea zuzenean igoko litzateke Ohorezko mailara; bestela, azken astean erabakiko da guztia”.
Gaur-gaurkoz, debarrak laugarren postuan daude 29 punturekin, baina goiko postuak oso estu daude: Aizkorri Segura da lider (31 puntu), Touring bigarren (31 puntu) eta Arrupe Chaminade hirugarren (30 puntu). Gauzak horrela, dena dago erabakitzeke, eta igandeko hiru puntuak funtsezkoak dira Ohorezko mailara igotzeko aukerei bizirik eutsi nahi badiete.